Juan Maravik eta Edu Ugartek osatzen dute Muy Fellini bikotea. La ciudad de las palmeras (GOR, Clifford, Farmway) euren hirugarren lana da eta CD eta LP formatuan plazaratu dute. Diskoak askotariko doinuak biltzen ditu, hala nola, rock zaleak (Transformacion), intimistagoak (Un momento tierno), edo tempo ertainak (Las almas perdidas).
Muy Fellini osatzen duten bi taldekideak, Juan Maravik eta Edu Ugartek, aurretik beste talde batzuetan arituriko musikariak dira, Hal Foot Outside eta Sök bandetan, hurrenez hurren. 2009. urtean argitaratu zuten lehendabiziko lanak italiar zinegile ezagunaren izena duen egitasmoarekin. Hala, Ken Stringfellow musikariaren laguntzarekin (The Posier, REM, Big Star, eta abar) disko homonimoa eta hamar hazbetekoa argitaratu zuten.
Bi lan horiek jasotako kritika onei esker hainbat kontzertu egin zituzten Euskal Herrian, Espainian eta atzerrian. 2010. urtean, berriz, kantu berriak idazten hasi ziren, beti ere, zuzeneko soinua estudiora eramateko asmoz. Hala, lan berri hau zuzenean grabatu dute euren ohiko kolaboratzaileen laguntzarekin, German San Martin (teklatuak, pianoa, akordeoia eta tronpeta) eta Txus Maravi (gitarra eta lap-steel gitarra), hain zuzen ere.
Horrela, aurrekoan baino lan elektrikoagoa gauzatu dute. Mondo Sonoro doako musika-aldizkarian taldekideek adierazi dutenez, “lehendabiziko diskoaren %50 akustikoa izan zen eta beste %50 elektrikoa. Zuzenekoak, berriz, %100 elektrikoak dira aspalditik, beraz, joera horri jarraiki elektrikoagoak bilakatu nahi genuen. Kontrasteak egiten du lan hau atseginagoa”.
My Fellinik lan berri aurkeztuko du zuzenean Donostikluba egitarauren baitan Love Of Lesbian eta Nacho Vegas musikariekin batera larunbatean, urriak 8. Hilaren 19an, berriz, Bilboko FNAC dendan izango da.