Nontzeberri

Mutürbeltz, hautsak harrotuko dituen rock proiektu berria

The Hot Dogs taldean aritutako Iñigo Agirrezabaltegi gitarra jotzaileAren eta Sexty Sexter bandako Mikel Larratxe abeslariaren rock and roll egitasmo berria da Mutürbeltz. Bi horiekin batera, Eñaut Balentziaga (Kabul, Zura) bateria eta Aitor Castillo Txiki (Plan B, Boogie Van) baxu jotzailea ari dira zeresana emango duen proiektu berri honetan. Dagoeneko, Amildegia Maite izenburuko estreinako lana plazaratu dute, eta AC/DC mitikoen usaina isurtzen du zulo guztietatik.

Rock laukote sendoa da Mutürbeltz. Aipaturiko AC/DC klasikoen eraginez gain, hard rockaren bestelako zertzeladak ere antzematen dira han eta hemen. The Hot Dogs eta Sexty Sextersen artean dagoen fundamentu handiko proposamen gitarra zalea dela esan daiteke, lehenengoen klasikotasunetik eta bigarrenen kutsu garaikidetik edaten duen rock lehergailu arriskutsua.

Inaxio Esnaola Harrobia Lantzen ekimeneko kidearen aburuz, “Amildegia Maite estreinako long play edo lan luzeak zaharberritze lan zaindua islatzen du. Eskarmentuaren akordeak eta esanak. Inolaz ere berritzaileak. Inolaz ere munduko beste txokoetan entzun ez direnak. Baina badute zerbait”.

Taldeak emanaldia emango du larunbatean, martxoak 17, Donostiako Doka Kafe Antzokian, HR!Z edo Harrobia Zuzen kontzertu egitarauaren baitan. Muturbelzdunekin batera Eibar aldeko Norman taldeak joko du. Egun haien bigarren lana ontzen ari dira.

Exit mobile version