IKUS-ENTZUN

Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren irudia eta jarduerak aurkeztu dituzte

Hasteko, maiatzaren 2an Gaitzerdi antzerki taldeak FANTaren irudia aitzakiatzat hartuta eszenifikazio kisugarria egingo du Abandoibarran 13:00etan. Halaber, eta aurreko urteetan bezala, zinemaldiak zuzenean musika emanaldiak ere eskainiko ditu. Hala, Kafe Antzokiak The Master Plan taldearen kontzertua jasoko du apirilaren 30ean, 21:00etatik aurrera. Telonero gisa Teté y los Ciclones arituko dira.

Zineari dagokionez, edizio honetarako, Kultura eta Hezkuntza Sailak bere sarien oinarriak aldatu zituen, eta bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sari berri sartu ditu, zinemaldiko epaimahaiaren eta ikusleen iritziz hoberenak diren laburmetraiei zuzenduta. Horrela, urte honetan mundu osotik etorritako 362 laburmetraia aurkeztu dira, eta 2009an 100 inguru jaso ziren. Zinemaldiko antolakuntzak 12 hoberenak aukeratu ditu, eta horiek FANT laburrean sekzioaren barruan emango dira (maiatzaren 7an). Lan horiek, bakoitzak 3.000 euro banatuko dituen bi sari berrietako bat lortu ahal izango dute.

Film laburrekin jarraituz, nontzeberri.com kultur atariak antolatu ohi duen nazioarteko Nontzefilmak On-line Zine eta Animaziozko Laburmetraien Lehiaketan aurkeztutako lanen artean aukeratutako filmak proiektatuko dira maiatzaren 8an. Lehiaketa honen aurtengo edizioan 148 lan aurkeztu dira -69 animaziozkoak- mota guztietako teknikak erabiliz burututakoak, eta antolakuntzak lan horien kalitatea azpimarratu du. Nabarmendu behar da Euskal Herriko egile askok hartu dutela parte -40k-, eta lan horietako asko euskaraz egindakoak direla.

Bestalde, aurtengo Fantrobia Saria Alex eta David Pastor katalanek jasoko dute. La ruta natural  lanarekin Sundanceko jaialdiko Nazioarteko Laburmetraia Hoberenaren saria lortu zuten, eta ondoren, Amerikako Estatu Batuetan kritika bikainak jaso dituen Infectados film laburra egin zuten.

FANT FOOD eta NONTZEFILMAK

Bilboko Zinemaldi Fantastikoak indarrak berriztatzeko eta proiekzioen etengabeko erritmoarekin jarraitzeko txokoa ere izango du. Horrela, DeLuxe lounge (Buenos Aires kalea, 1) taberna-jatetxeak FANT menu berezia eskainiko du aste osoan, genero fantastikora egokitutako proposamenekin. Halaber, egun osoan zehar, bertako pantailatan Zinemaldiaren sustapen bideoa eta Nontzefilmak-eko aurreko edizioan aurkeztutako laburmetraia hoberenen aukeraketa emango dute egun osoan.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button