Basauriko Udalak Rockein musika lehiaketa antolatu du hamabigarren urtez jarraian, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako talde eta bakarlariei zuzenduta. Izena emateko epea uztailaren 11ra arte egongo da zabalik.
Betiko legez, jasotako proposamen guztien artean, epaimahai batek sei finalista aukeratuko ditu, eta Basauriko Social Antzokian arituko dira azaroaren 16an, larunbatez. Gau horretan bertan erabakiko du epaimahaiak zeintzuk izango diren 2024ko edizioko talde irabazleak.
Lehiaketaren tokiko kategoriak Hego Uribe eskualdea hartuko du aurten, eta gainera, Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako pertsona bat gutxienez duten taldeek edo bakarlariek kategoria horretako saria eskuratu ahal izango dute.
Saria ederra da, eta kategoria nagusiko irabazleak ere bideoklip bat grabatzea jasoko du sari moduan, Bilboko El Tigre estudioetan 5 abestiko EP bat grabatzeaz gain. Gainera, lehiaketako lau kategorietako proposamen irabazle guztiek kontzertua emango dute 2025eko MAZ Basauri jaialdian.
“Rockeinek zortzi urte jarraian daramatza bere parte-hartze errekorra hausten. 2023an 191 artistak eman zuten izena. Nabarmentzeko zifra da, lehiaketa hau Euskal Herrian sortzen ari diren artistentzako erreferentzia dela baieztatzen duena. Azken urteotan, Rockeinetik Sara Zozaya, Silitia edo Lova Lois bezalako izenak atera dira. Azken hau gaur hemen gurekin dago. Oso denbora gutxian, promesa gazte izatetik errealitate izatera igaro dira. Rockeinek bilakaera horri bere ekarpen txikia egin diola pentsatzea gustatzen zaigu.”
Jakingarri guztiak Rockeinek dauzka.