Hainbat hitzordu interesgarri atondu dituzte Markinan musikaren inguruan, eta asteburu osoan.
Gaur berton, hilak 19, herriko Uhagon kulturgunean Trikitixa Erroetatik hitzaldi musikatua eskainiko dute Agus Barandiaranek eta Izaskun Iturrik (Korrontzi). Euskal musikan oso errotuta dagoen musika-tresna hau gertuagotik ezagutzeko aukera izango du zaleak. Trikitixaren historia eta gaur egunera arteko bilakaera jorratuko dute Agus Barandiaranek eta Izaskun Iturrik, eta garai desberdinetako trikitixak ere erakutsiko dituzte. Gogoeta-gune bat ere egongo da, hitzaldira inguratzen direnek musika-tresna horretaz hitz egin dezaten.
Larunbatean, goizez, La música escuchada con todo el cuerpo izeneko tailerra zuzenduko du Ana Capilla dantzari eta sortzaileak. Kike Morak musika jarriko du zuzenean. Egun berean baina arratsaldean, Ana Capillaren begiradapean ere, zuzeneko musika eta dantzaz beteriko Feedback kontzertu eszenikoa programatu da. “Dantza eta musikaren arteko elkarrizketa bat”.
Eta igandean, txikiak izango dira protagonistak. Ahotsa eta Gorputza umeentzako tailerra antolatu da “jolasaren bitartez, gure ahotsak eta gorputzak eskaintzen dizkigun aukera kreatiboetan ikertzeko”.
