Dock of the Bay Donostiako Musika Dokumentalen Jaialdiak Musika, irudi eraikitzaile izenburuko mintegi interesgarria ondu du bihar, Elías Querejeta Zine Eskolan, 16:30etik 20:00etara.
Hainbat hizlarik parte hartuko dute mintegian, “irudiak eraikitzeko oinarri gisa musika hartzen duen ikus-entzunezko testuaren izaerara hurbiltzeko” asmoz. Hala, ikus-entzunezkoen gaietan aditu diren zenbait pentsalari eta kritikari bilduko dira aipatutako gaiaren inguruko gogoeta metodologiko plurala egiteko helburuarekin.
Hauexek dira berba hartuko duten hizlariak: Fernando Golvano Filosofian doktoreak Ihes (eta topaketa) lerroak. Artea, zinema eta musika gaia jorratuko du; Shaila García Catalán Komunikazioaren Zientzietan doktoreak berriz, Blu Da Ba Dee. Desirakurri Xavier Dolan izenburuko hitzaldia emango du; Álvaro Granda Ferrer sintetizatzaile analogikoen zale donostiarra instrumentuen inguruan arituko da, Random: Edo nola maitemindu zure musika-tresnaz berbaldia tarteko; Desirée de Fez zine kritikariak XXI. Mendeko komediaren soinuaren sofistikazioa izango du aztergai; eta, amaitzeko, Jero Rodríguez Cachitos de Hierro y Cromo La2- TVE telebista kateko saioaren zuzendariak Cachitos: masak helburu dituen musika arkeologia izenburuko hitzaldia emango du.
Hitzaldion ostean, ordu erdi ingurukoak guztiak, mahaingurua izango da, Aaron Rodriguez Ikus-entzunezko Komunikazioan Doktoreak zuzendua.
Mintegiari buruzko informazio gehiago: dockofthebay.es.
