SGAEk antolatuta, Yan Maresz adituak musika garaikidearen konposiziorako ikastaroa emango du urriaren 14 eta 15ean, Eresbil-en. Ikastaroan egungo auzi estetiko eta teknologikoen azterketa burutuko da, baita gaurko musikagintzak berekin dakarren idazkera instrumental eta informatikoaren teknika eta prozesuena ere.
Ikastaroa akustika-elektroakustika konposaketa mistoan interesaturiko musikagile, sortzaile eta musikari orori zuzenduta dago, izan ere, informatika eta seinale akustikoaren tratamendua edota tradiziozko musika tresnekin batera teknologiak erabiltzen dituzten proiektuak jorratuko dira, profesional horiei begira.
Hortaz landuko diren gaiak auzi estetikoak eta teknologiarekin erlazioa; Ircam-en erabilitako tekniken garapena; proiektuen problematika eta talde ezberdinetako musika lanen ikasketa; konposagile gonbidatuaren musika lanen aditze eta analisia eta haien lanen entzuketa.
Yan Maresz, Monakon 1966an jaiotako musikagile frantziarrak, Montekarloko Musika Akademian hasi zuen bere ibilbidea, piano eta perkusio klaseetan hain zuzen ere. Ondoren jazzean murgildu zen.. 1983an ikasketak jarraitu zituen John Mc Laughlinekin. 1984 eta 1986 bitartean Bostoneko Berklee College of Musicen ikasi zuen jazza. 1986an, Monakoko Grace Printzesa Fundazioaren beka jaso zuen, eta New Yorkeko Juilliard Schoolen hasi zen konposizioa ikasten, bertan ikasketak burutuz, David Diamondekin, 1992an.
Harrezkero mila tokitan izan da diziplina landuz. 1995en, SACEMek Hervé Dugardin saria eman zion, eta bere Metallics lana UNESCOren International Rostrum of Composers berak hautatu zuen. Milaka enkargu egin dizkiote hainbat orkestrak eta jaialdik.
Klase magistralak eskaintzen ditu Europan eta Ircamen, gaur egun bertan ikerketa lan bat egiten ari dela orkestrazioari buruz. Egun, elektroakustika irakaslea da Parisko CSMD erakundean eta Boulogne-Billancourteko Kontserbatorioan.
Ikastaro honetan matrikula egiteko epea urriaren 10ean amaituko da.