Nontzeberri

Musika Bulegoak proposamen musikal sarituak jakinarazi ditu

Euskal Herriko Musika Bulegoa (EHMBE) elkarteak gaur eman ditu ezagutzera joan den urtean abiarazi zituen Musika Bulegoa Sariak, euskal musikaren kalitateari balioa eman nahi diotenak. Sariak Bilboko Kafe Antzokian emango dira, azaroaren 24an, 19:00etan.

Musika Bulegoa Euskal Herrian musikaren inguruan sortutako kultura-proiektua da, musika-jardunaren inguruan bildutako eragile publiko eta pribatuen topaketaren eta lan partekatuaren emaitza. Joan den urtean, Musika Bulegoa Sariak abiatu ziren Euskal Herrian sortu eta ekoitzitako musikaren kalitatea aitortzeko, horri balioa emateko eta gizartearen aurrean ikustarazteko.  Musika Bulegoko ordezkarien hitzetan, “sariak integratzaileak, irekiak eta pluralak izango dira”. Eta hala suertatu dela aitortu behar da.

Lehen edizioan aurkeztutako 65 proposamenen artean, lauk jaso dute errekonozimendua: Juanjo Mena zuzendariaren ardurapean dagoen Berliner Philarmonikerren Zuzendaritza; Angel Unzu musikariaren Duos, Amoranteren estreinako lan homonimoa eta Rural Zombies taldearen Bat lana.
Beste aldetik,  Musika Bulegoa Sariek beste aitorpen bat eman dute, beste musika-esparru batzuekin (prestakuntza, sentsibilizazioa, ikerketa, dibulgazioa…) lotutako ekimen bat nabarmentzeko. Kasu horretan, Audiolab Kultur Elkartearen jardunak ere saria irabazi du “soinu-ikerketaren esparruan egiten duen lan etengabeagatik eta garatutako egitasmo ugariengatik”.

Proposamen guztiak aztertzeko eta beren balioa emateko adituen mahaia osatu da honakoekin: Iñigo Argomaniz Donostiako Get In agentziaren sortzailea eta zuzendari nagusia; Jon Bagüés Musikaren Euskal Artxiboaren zuzendaria; Joseba Cabezas musikaria, kazetaria eta kultur agentea; Aintzane Camara EHUko Musikako Didaktikako irakaslea; Yahvé M. de la Cavada musika-kritikaria; Mikel F. Kruzaga soinu-ingeniaria, nahaslea eta ekoizlea; Ainara LeGardon musikaria; eta Edurne Ormazabal EITBko merkataritza-alorreko zuzendaria.

Sarituen gaineko informazio guztia: Musika Bulegoa.

Exit mobile version