Nontzeberri

Musika, antzerkia, folklorea, zirkua…

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak aste honetan bertan hasiko diren antzerkia, kontzertuak, zirku ikuskizunak, zinea, arte, argazki erakusketak, ipuin kontalariak eta magia programazio zabala diseinatu du Kultur Gabonak ekimenaren barruan. Guztira, 135 ikuskizun eta jarduera baino gehiago antolatu dira hiriko barruti guztietan.

Ikuskizun eta jarduera guztien artean, Mila Musika Haria musika zikloa programatu da. Ekimenaren kontzertuak azaroaren 28tik abenduaren 12ra izango dira, Abandoko udaltegian (Barrainkua), arratsaldeko 19:30ean.
Gabonetako Abesbatzen Kontzertu klasikoak abenduaren 11tik 27ra luzatuko dira San Inazio, Deustua, Castaños, Otxarkoaga, Abusu, Zazpi Kaleak, Abando, Errekalde, Santutxu eta Basurtu auzoetan. Gainera, abenduaren 9tik 12ra, arratsaldeko 19:30ean, Otxarkoagako udaltegian, Nagusientzako Abesbatzen X. Astea ospatuko da.
Pintura eta argazkigintza presente egongo dira Expodistriton. Egun horietan Castañosen, San Frantziskon, Zazpi Kaleetan, Abandon eta Errekalden egongo dira jarduerak.

Baina arte eszenikoak dira Kultur Gabonak ekimeneko programazioan presentzia garrantzitsua duen beste diziplinetako bat. Horrela, Otxarkoagako Udaltegiak, Nagusientzako XIII. Antzerki Astea ospatuko du abenduaren 15etik 19ra.
Ikus-entzule gazteenek ere euren lekua izango dute, eta magia edo ipuin kontalari ikuskizunez gain, Errekalde auzoak Pirinioetako Zirkua zikloa jasoko du abenduaren 17tik 30era.

Gainera, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Parrapean-Komiki Egunak ekimen berria jarri du martxan. Programa hori azaroaren 27tik 29ra eskainiko da Begoñako udaltegian, eta bertan, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan egindako komikiari buruzko tailerrak, hitzaldiak eta erakusketak antolatu dira.

Informazio gehiago www.kulturabarrutik.net webgunean dago.

Exit mobile version