2018an jarri zuen martxan San Telmo Museoak Museo Bikoitza programa. Aldizkako esku-hartzeen programa bat da urtero gonbidatutako artista batek egiten duena, eta museoarekin lotuta lan egiten du artista horrek proiektu berri baten produkzioan.
Asier Mendizabalek, proiektuaren ideiaren sortzaileak, gonbidatu zuen lehen artista, Ibon Aranberri. Aranberrik lekukoa Erlea Maneros Zabalari eman zion eta honek Jose Mari Zabalari. Zabalaren ondoren Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum aritu ziren lanean Museo Bikoitza programan eta jarraian Hinrich Sachs. Honen lana urriaren bukaera arte izango da ikusgai museoan, eta bere erreleboa hartutako Maddi Barberren lana aurkeztuko da azaroan, azken urtean lanean aritu ondoren. Orain, Usue Arrieta eta Ainara Elgoibar hasiko dira lanean.
Bi artista hauek Tractora kooperatibako kide dira, artea ekoizteko eta banatzeko sistemekin esperimentatzeko laborategi gisa sortutako proiektua. Aipaturiko artiston lanak lotura estua du “gertuko testuinguruarekin eta lurraldeko kultura adierazpenekin, industria, paisaia, kirola eta aisia bezalako alderdiak jorratuz. Askotan, artxiboetan edo bildumetan iraupen luzeko ikerketa egiten dute, eta hainbat formatutan gauzatzen da: erakusketak, bideoak, performanceak eta argitalpenak”.
Usue Arrieta (Arrasate, 1979) 2002tik dabil ikusizko arteen eta zinemaren alorretan lanak sortu, ekoiztu eta plazaratzen. Bere ikus-entzunezko lanak instituzio publiko zein pribatuetan erakutsi dira (Miró Fundazioa, Tàpies Fundazioa, Centro de Arte Dos de Mayo, Musac edo San Telmo Museoa). Bere artelanak bilduma publiko zein pribatuetan daude estatu mailan. 2013an Tractora Koop. E. artisten kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen. Ainara Elgoibarrekin batera Kinu Lantaldea eratu zuen, artisten zineman oinarria duen hiruhileko nazioarteko programazio eta autoformazio plataforma bat. 2020az geroztik Atoi izeneko arte espazioa gobernatzen du Ainara Elgoibarrekin batera.
Ainara Elgoibar (Mungia, 1975) artista da. Tractora artisten kooperatibaren bazkide sortzailea, Usue Arrietarekin batera zuzentzen du /kudeatzen du Atoi espazioa, Tractorak bultzatua, Bilbon. Bere lanean nabarmentzekoa da ikus-entzunezkoa. Bere filmak erakusketa testuinguruetan erakutsi dira (Fundació Tàpies, Macba, Artium Museoa, La Capella eta Carreras Múgica, besteak beste) eta zinema jaialditan (Zinebi, Punto de Vista, Curtocircuíto, Intersección eta Kasseler DokFest, besteak beste). Bere lanak Bilbao Museoko, Artium Museoko, Guasch-Coranty Fundazioko eta Bilbaoarteko bildumetan daude.
