Nontzeberri

MusEkintzak bi proposamen eszeniko ekarriko ditu maiatzean

Maiatzean MusEkintza jaialdiak Ez da kasualitatea bertso saio feminista eta Ai Gure Juaneteak! musika eta antzerkia batzen dituen pieza plazaratuko ditu.

Larunbatean, maiatzak 9 izango da Ez da kasualitatea bertso saioa Muskizko Muñatones Gazteluan. (Muskiz). Ez da kasualitatea saioko bertsolariak eta gai-jartzailea emakumezkoak izaten dira. Izenburuaren zergatia ondo ulertzen da protagonistek adierazitako ondoko lerroetan: “Hortik izenburua, oraindik, zoritxarrez, gizonezkoz osaturiko saioak baino ez baitira kasualitatez izaten. Denok emakumeak izate horretan nahitaez dago intentzio bat. Gure helburua noizbait halako saioak kasualitatez, urteko edozein egunetan eta pentsatu gabe ere irtetea litzateke, baina bitartean intentzio osoz antolatzen dugu Ez da kasualitatea: umorea, jolasa, gogoeta, emakumeon arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa”.

Maiatzaren 23an, Arrantzaleen Museoan (Bermeo), Tartean Teatroaren Ai Gure Juaneteak! izeneko pieza ikusteko aukera egongo da. Mikel Laboaren abestiak eta kantak ezinbestekoak dira euskal kulturarentzat. Jokin Oregik zuzendutako pieza hori prosaren eta poetikaren, antzezlanaren eta musika-saioaren arteko lan hibridoa da. Patxo Telleriak gure ondare kulturalaren zenbait abesti hartu, eta gaur eguneko ikuspuntuaz birsortzeko ausardia erakutsi du: Hegazki errariak, Izarren hautsa, Bedeikatua, Negu hurbila, O Pello, Pello, Haika mutil, eta abar.

Kasu honetan, oholtza gainean aktore-musikari bat -PatxoTelleria- eta bi musikari-aktore -Adrián García de los Ojos, pianoan, eta Maider López, biolan- arituko dira Patxo Telleriaren testu batekin.

Exit mobile version