Mursegok kontzertua eskainiko du gaur arratsaldeko 20:00etan Gasteizeko Izaskun Arrue Kulturgunean. Kontzertua, Markos Gimenoren Karteletrak erakusketaren baitan proposatzen diren jarduera ezberdinen artean ospatuko da. Hain zuzen ere, artista ezin hobea da musikaria proposamen honetarako, musikak, performanceak, umoreak eta “hizperimentuek” bat egiten dutelako Mursegoren hegaldi berri honetan.
Maite Arroitajauregi, Mursego, Eibarren 1977an jaioa, biolontxeloan lizentziatua da Gasteizeko Goi Kontserbatorioan. Zenbait musika taldetan parte hartu eta gero (Anari, Lisabö eta Xabier Montoiarekin, besteak beste), 2009an Mursego sortu zuen, hainbat mutazio eszeniko izan dituen bakarkako proiektua. Azken urteotan, zinema-musikaren konposizioan murgilduta, besteak beste, Fernando Francoren “ La consagración de la Primavera “(2022) eta Victor Iriarteren “Sobre todo de noche” (2023) filmak musikatzen jardun du. Bereziki emankorra izan da Aránzazu Calleja bilbotarrarekin osatu duen bikote artistikoa, harekin batera “Akelarre” (2020), Pablo Agüerorena, eta “ Irati”, Paul Urkijorena, musikatuz. Lehen lanagatik, Goya eta Platino sariak jaso zituzten musika original onenaren kategorian, eta bigarrenarekin, berriz, abesti onenaren eta musika original onenaren sarietarako izendatuak izan dira.
Beste alde batetik, Markos Gimeno (Ermua, 1975-2018) artista moldakor eta polifazetikoa izan zen; diziplina ezberdineko sortzaile aparta, hainbat genero jorratu zituena, hala nola pintura, musika, antzerkia eta literatura. Gainera, bereziki nabarmendu zen palindromoen formulazioan – ezkerretik eskuinera eta alderantzizko zentzuan berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak –, diziplina horretan jarri baitzuen arreta bere bizitzako azken urteetan. Bipolaritatea eta depresio-aldiak zituen; 44 urterekin bere buruaz beste egin zuen 2018ko abenduaren 7an. Bere oroimenez eta bere lana goraipatzeko prestatu du Izaskun Arrue Kulturguneak Karteletrak erakusketa.