Gernikako Lekuek jaialdia martxoaren 6tik 13ra bitarte egingo da. Egun horietan, makina bat taldek Gernikako hainbat lokaletan joko dute, tartean, Sex Museum, Anari, Hamlet, Aguxtin Alkhat, The Allnighters…
Bada, urtarrilaren 15ean, jaialdi interesgarri horren aurkezpen-jaia egingo dute. Hala, 19:00etan, Pierrot taldeak joko du Arima lokalean, eta gero, 21:00etan, Mendaroko Munlet bikoteak eta Bermeoko Magentico Grupo Robot hirukoteak joko dute.
Bermeoko Magnético Grupo Robot proiektuan El Desvan Del Macho, Munsterland, Los Frenos eta Los Brebes bandetan aritutako musikariek jotzen dute, eta Nomeansno, Dead Kennedys eta DEVOren iturrietatik edaten duten kantu motzak eta zorrotzak egiten dituzte. Orain arte EP bakarra argitaratu dute, baina, egun, lan berria prestatzen ari dira. Honatx Nontzeberrin egin genien elkarrizketa martzianoa.
Munlet bikote gipuzkoarrak, ostera, EP5 izenburuko diskoa labur berria argitaratu zuen iaz, Screaminguy Records markapean. Grabazio horrek bost doinu biltzen ditu. Hala, Conductas de Autodestrucción kantua Idolos del Extrarradio taldeko buru Alex Pis-ek abestu eta idatzi du. Horretaz gainera, Joan Jett-en bertsio bat ere jaso dute, Mala Reputación. Gainerako hiru kantuen harira hauxe esan du bikoteak: “Itxuraz ez daukate inolako loturarik, baina hobe duzue entzutea, aurretik kontatu ezin diren zenbait sekretu gordetzen baitute”.