Nontzeberri

Munlet: “Arauak apurtzeko daude; guretzako hori da Punk-a”

Cañón (Gaztelupeko Hotsak) izenburua du Munlet talde gipuzkoarrak plazaratu berri duen lanak (CD eta LP formatuetan). Lan berri hau gauzatzeko formazio berria eratu du taldeak, alegia, bikote izatetik boskote izatera igaro da. Hala, Anita LadyFingers (ahotsa, teklatuak, theremin) eta Ina Herr Professor (programazioak, gitarra eta teklatuak) jatorrizko kideei, -gure bi solaskideak-, beste hiru gehitu zaizkie: Sergio Llanos, (gitarra, Eureka Hot 4), Arkaitz Garay (baxua, Los Brebes) eta Oscar Alvarez, (bateria, Los Brebes). Hortaz, Munlet lan berria aitzakiatzat hartuta, boskote bihurtu da. Cañon Mungiako Lamiña estudioan, Jose Lastra teknikariaren ardurapean, eta El Cubo taldearen estudioan grabatu da. Diseinua Pablo Fermin artista donostiarrak egin du.

 

Zer dela eta aldaketa hori formazioan? Izan ere, bikote zineten eta egun boskote zarete.
Ina/ Aurpegi berdinak ikusteaz aspertuta geunden, kar, kar; ez, benetan arituko naiz: aspalditik genuen pentsatuta bateria akustikoa gehitzea, sonoritateagatik eta ematen duen dinamikagatik, beti ere, gurean ohikoak diren ezaugarri elektronikoak mantenduz. Hori dela eta, Oskarrekin jarri ginen harremanetan, Capsula, Inserta eta Los Brebes taldeetan jotzen zuelako ezagutzen genuen. Horrek beste puntu batzuk indartzeko beharrizana ekarri zuen. Hala, Sergio (gitarra) sartu zen, nik gitarraz gain, teklatuekin askatasun gehiago izateko, eta horrez gain, lehen soilik irudikatzen genituen gitarra jokoak egiteko asmoz. Azkenik, Arkaitz etorri zen, baxuaren maisua, bera da benetan elementu guztiak modu perfektuan.batzen dituena.

Formazio berrira egokitzea asko kostatu zaizue? Prozesua zaila izan da?
Ina/ Ez, ez zaigu askorik kostatu. Anak eta biok kantuak prestatuta eraman genituen eskeletoak bailiran. Uztailean bildu ginen entseatzeko eta oinarriak abuztuan grabatu genituen, zazpi entsegutan, oso kontrolatuta geneukan guztia. Musikari handiak dira eta hori nabaritzen da.

Aldaketa horrek nolako eragina izan du zuzenekoetan?
Ina/ Tira, kontzertuak orain hasiko dira, baina egin ditugun bi kontzertutatik ondoriozta daiteke: batetik, elementu elektronikoa nabarmen murriztu dela, eta bestetik, taldearen indarra asko handitu dela: inoiz ez dugu honelako soinurik izan, -bi gitarra, baxua, oinarri elektronikoak, Ana eztarri horrekin-, baina, era berean, Munlet izaten jarraitzen du.

Metamorfosi guzti horren fruitua Cañón diskoa da. Pozik zaudete emaitzarekin?
Ina/ Bai, oso pozik. Diskoa itzela da. Ideia eta kantu ikaragarriak ditu, soinu originala, oso pertsonala eta definitua, askotarikoa, baina, era berean, guztia bere tokian dago. Ea zer zorte ekarriko ote dion patuak.

 

Disko hau egiteko zigiluz aldatu duzue. Zer moduz Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin?
Ina/ Tira, disko guztiak zigilu ezberdinekin plazaratu ditugu, horrek argi uzten du nola dagoen panorama. Bilbao Pop Rock Hiria lehiaketako sariak exijitzen zigun diskoa erregistraturiko diskoetxe batekin grabatzea, beraz, autoekoizpenerako aukerarik ez zegoen, ezta beste aukera domestiko batzuetarako ere. Eta diskoetxekoek busti egin dira, eta diskoa CDan eta biniloan plazaratu dute; momentuz ezin gara kexatu.

Esan duzunez, binilozko formatuan ere argitaratu duzue lan hau, zergatik? Arrazoi berezirik izan da?
Ina/ Arrazoi nagusiena da biniloa bizirik dagoela. CDak erakutsi du euskarri baliagarria dela, baina apur bat modaz pasatu da beste formatu digital batzuei dagokienez, eta soinu zalea binilora itzuli da eta lehentasuna duen euskarri bihurtu du kalitate gehiago jasotzeko, bai soinuari, bai aurkezpenari dagokionez. Biniloa, gainera, askoz ere bildumagarriagoa da. Nik bi formatuak erabiltzen ditut, biak ala biak dira baliagarriak eta ezberdinak, bai asmoari bai entzuteko forma eta tokiari dagokionez. Hori dela eta, kantuen bi orden ezberdin egin ditugu.

Non aurkitzen duzue inspirazio hain letra pertsonalak egiteko?
Ina/ Letra gehienak Anarenak dira; nik disko honetan kantu bakarrarenak idatzi ditut, D30, zein bizirik egoteak dakarren atzerako kontatzearen narrazioa den. Hitzak idazteko erabat izorratuta zauden uneak aprobetxatu behar dira; musika egiteko berriz, hobeto da alderantzizkoa.

Ana/ Egia esan ez naiz ezer zehatzan inspiratzen. Inguruan duzun orok eragiten dizu gauza bat edo bestea idazterakoan. Une bakoitzean nola zauden arabera, gauzak modu batean edo bestean ikusten dituzu, eta hori hitzetan islatzen da. Pertsona oso optimista bat izan arren, hitzak nahikoa ilunak dira, gaiztoak edo ezkorrak dira, inguruan daukadan guztia sarritan azalekoegia iruditzen zaidalako, jendeak krokaildua. Nolanahi ere, doinu batzuk gai argiak jorratzen dituzte, esaterako, tratu txarrak edo zure etxean preso sentitzea, Cañon doinuaren kasuan, edo prostituzioarena Alquitran-en.


 

Zuk aipatu bezala disko hau Bilbao Pop Rock Hiria lehiaketako sariari esker burutu duzue. Baliagarriak dira lehiaketa hauek?
Ina/ Tira, musika ez da kirola, ezin da neurtu edo kronometratu. Zoritxarrez, taldeek publizitate apur bat eta sari gisa diru-laguntzak lortzeko daukaten bide bakanetakoa da lehiaketarena. Ikuspuntu horretatik positiboak direla iruditzen zait, eta horregatik aurkeztu ginen Bilbo Pop Rock Hirira, eta zorionez irabazi egin genuen bosgarren aldia izan zen arren, dena esan beharra dago, baten batek zorte handia izan genuela eta kutunkeria izan zela esan zuen, eta ez zen horrelakorik izan, mandoen antzera lan egin baitugu.

Diskoaren eta barruko liburuxkaren diseinuak harritu gaitu; formazioarenarekin batera gertatu den beste aldaketa bat da?
Ina/ Bai, denok egokitu gara irudi aldaketara, Arkaitz izan ezik, zein bere kabuz ibiltzen den bere kamiseta biziekin, kar, kar, eta ondo iruditzen zait Munlet-en oso bereizgarria den belztasunean kolorea gehitzen baitu.

Ezbairik gabe Munlet estadio berrian dago. Munlet etengabe aldatzen ari den entitatea da?
Ina/ Galdera bikaina. Horrela da. Ondo ulertu duzu. Munlet egun bost lagun gara, eta bihar bi edo bat edo hiru edo hamar izan gaitezke. Beti saiatu gara ezarritako legeak gainditzen, esaterako, nortzuk edo zenbatek osatu behar duten taldea, baita zeintzuk instrumentu erabili behar ditugun, kantuen iraupena edo dena dela. Arauak hausteko daude; guretzako hori da punk-a.

Exit mobile version