Nontzeberri

“Munduko Poesia Kaierak” bildumaren antologia berriak kalean

Yannis Ritsos greziar poeta aktibistaren eta Alejandra Pizarnik errusiar jatorriko poeta argentinarraren antologia berriak aurkeztu ditu Susa argitaletxeak, era horretan, Munduko Poesia Kaierak bilduma zerrenda loditzen doa.

Yannis Ritsos (1909-1990), Greziako poeta moderno handienen artean kokatu ohi du kritikak. Editoreen esanetan, “engaiamendua izaten da poetaz ari garela sekula faltatzen ez den hitza”. Alderdi komunistako kide, bere obra ”esetsia” izan zen eta kartzelaldiak bizi izan zituen. Ritsosen obran, “gorabehera makur horien eragina agerikoa da, hala esplizituki auzi politikoak agertzen direlako, nola, zentsura ekidin nahian, errepresio garai batzuetan beste bide poetiko kritikoagoak hartu zituelako”.

Obra oparoa ondu zuen Ritsosek, “entseatu zituen neurri eta forma poetikoei dagokienez, nahiz baliatu zituen poesia-genero ezberdinei dagokienez: lirika, bakarrizketa dramatikoak, poema epikoak…”. Joannes Jauregik euskarara ekarria.

Alejandra Pizarnik (1936-1972) argentinarra bestalde, naziengandik ihes egin zuen familia judutar baten jaioa, “argentinarraren poesian aski presente izan ohi den arroztasun sentipena, inon errotzeko zailtasunarena eta nonahi atzerritar sentitzearena” sumatzen zaio antologia honetan. “Sentimendu hori, baina, geografikoa bainoago existentziala izatera iristen dela esan liteke, ni-aren eta munduaren artean arrakala gaindiezina egongo balitz bezala”.

Hala, Pizarniken poesia, “nitasun indartsu baten aldarrikapena da. Honakoa aukera bikaina dugu Pizarniken lana autoreari buruzko ideia topikoez —depresioa, histeria, arazo psikiatrikoak, suizidioa— erauzirik irakurtzekoa”, argitaletxeak jakinarazi duenez. Itzulpen lana Asier Sarasolak egin du.

Munduko Poesia Kaiera berri horiekin, bilduma 28. zenbakira iritsi da. Aurreko kaierak ezagutu nahi badituzue, hementxe dituzue denak.

Exit mobile version