Nontzeberri

“Munduko Poesia Kaierak” bildumak hiru lan berri ditu

Gaur, urriak 25, Donostiako Udal Liburutegi zaharrean, Munduko Poesia Kaierak bildumaren ale berriak aurkeztu dituzte.

Udazkenarekin batera Nijole Miliauskaite (1950-2002) lituaniarraren (Leire Bilbao itzultzailea) Stephane Mallarme (1842-1898) frantsesaren (Josu Landa itzultzailea), eta Miroslav Holub (1923-1998) txekiarraren (Karlos Cid itzultzailea) antologiak heldu dira.

Autoreen gaineko xehetasunak, honela eman ditu Susa argitaletxeak: “Nijole Miliauskaite naturaren deskribapen zehatzetan oinarritzen da, zentzumenen munduan: koloreak, soinuak, argia, mugimendua. Bere idazkera minimalistatzat jotzen da, soberakinik gabea, lerro zoli gutxi batzuen bidez unibertso bat osatzeko gai.
Stephane Mallarme poesiaren historiako handienetako bat da, XIX. mendeko gailurra. Obra trinkoa du, urregintza moduko langintza balitz bezala ulertzen baitzuen; esaldi bakoitzean esanahi anitzen eta oihartzun segida oparoen bila dabil. Mundu osoko poetengan eragina izan zuen.
Azkenik, Miroslav Holub lanbidez inmunologoa da. Artez erabiltzen ditu metafora zientifikoak, baina asko arduratzen dute kezka humanista xeheek”.

Orain arte plazaratutako 18 antologien idazleak honakoak dituzue: Georg Trakl, Maria Merce Marçal, Aime Cesaire, Emily Dickinson, Carlos Drummond de Andrade, Miguel Hernandez, Anne Sexton, Sophia de Mello, Gabriel Ferrater, Ingeborg Bachmann, Eugenio Montale, Jorge de Sena, Audre Lorde, Angel Gonzalez, Paul Celan, Nijole Miliauskaite, Stephane Mallarme eta Miroslav Holub.

Exit mobile version