Nontzeberri

“Munduenea”, umeentzako ipuin-bilduma berria

Labayru Fundazioak Munduenea, Munduko ipuinen etxea izeneko ipuin-bilduma kaleratu du. Umeentzako ipuinak dira eta munduko kultura eta hizkuntza ezberdinak dakartzate helburu argi batekin: kulturartekotasuna bultzatzea, euskara beste hizkuntzetako hiztunentzako zubi izatea, eta Euskal Herrian bizi diren beste kultura batzuk ezagutzea.

“Ipuinen egileak denak bizi dira gure artean, eta horixe da helburua, euskararen bitartez kulturen arteko zubia egitea. Ipuin guztiak hizkuntza bitan ematen dira aldi berean, euskaraz eta jatorrizko hizkuntzan. Eta irakurtzeko ez ezik, entzuteko euskarria ere bertan dute, QR kode baten bitartez. Audioak dagoeneko sarean daude, liburuei buruzko informazioa biltzeko sortu dugun webgunean: munduenea.labayru.eus

Ipuinok munduko 10 hizkuntzatan datoz, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak egindako hizkuntzen mapan hiztun gehien dituzten hizkuntzak aukeratu dira. Hauek dira: arabiera (Aljeria), errumaniera, frantsesa (Frantzia), galegoa, katalana, portugaldarra (Brasil), txinera, urduera (Pakistan), wolof (Senegal), eta jorubera (Nigeria). Ipuin bakoitzean erabilitako hizkuntzaren gaineko jakingarri batzuk ere sartu dira: ezaugarri batzuk, munduan non erabiltzen den, eta hizkuntza horren gaineko hiztegitxo bat.

Diogun moduan, Labayru Fundazioak abiatutako egitasmoa da, eta bertako taldekideek adierazi duten moduan, “ahozko transmisioa izan da kultura guztietan izaera eta ohiturak belaunaldiz belaunaldi transmititzeko bidea. Kasu honetan ere, ipuinak eta kontakizunak erabili ditugu kulturen arteko trukea egiteko. Gure gizartea gero eta anitzagoa da, gero eta herrialde, hizkuntza, kultura eta jatorri gehiagoko jendea nahastean bizi gara hurreko inguruetan. Atzerriko hizkuntza egiten dutenak gurera erakarri nahi baditugu, eurei entzun behar diegu lehenengo, nondik datozen jakin, gero gurearen eskaintza egiteko. Errespetu eta begirune hori eurei erakutsi, horrela gurea ere errespetuz hartu dezaten.”

Yolanda Arrieta idazlea arduratu da umeentzako ipuin-itxura ematen, eta marrazkiak Enrique Morentek egin ditu.  Beste aldetik, audioak grabatu eta editatu Labayruko Irati Zarandonak egin du.

Exit mobile version