Mugimendua ulertzeko modu ezberdinak proposatzen dituen Iturritik jaialdia urriaren 23tik 25era bitartean egingo da Donostian, eta bere egitarauan aretoko bost ikuskizun, kaleko bi ikuskizun eta hainbat dantza tailer bilduko dira.
Programazioan Euskal Herriko, Argentinako, Frantziako eta Japoniako artistak batuko dira. Euskal dantzarekin batera, hainbat diziplina agertuko dira, tartean zirkua, dantza urbanoak, tango akrobatikoa, eta pole dance. Proposamen horiek guztiek tradizioek eraldatzeko gai direla erakutsi nahi dute.
Barikuan, urriak 23, Street Pole Dance (Meriko) eta Otros Aires (Duo Laos konpainia) ikuskizunak oholtzaratuko dira Victoria Eugenia Clubean, 19:30etik aurrera.
Urriaren 24an, Kresala Dantza Taldeak Hiru egingo du toki eta ordu berean. Hiru lanean, dantza, musika eta poesia elkartzen dira Eduardo Chillidaren eskulturen unibertso poetikoan inspiratutako bidaia eszenikoa osatzeko. Itsasoaren, harriaren, haizearen eta zeruaren arteko elkarrizketatik abiatuta, etengabeko eraldaketan dagoen obra bat eraikitzen da, keinu sotil eta iradokitzaileen bidez.
Azkenik, urriaren 25ean, Arkaitz Añorgako Dantzariak taldeak 1926 – 2026. Ehun Urtez Dantzan izeneko erakustaldia egingo du, Victoria Eugenian, 19:00etan.
