Ura, musika eta mendia biltzen dituen Urmuga ekimenak, uztailaren 12tik 30era eta mendebaldetik ekialdera, Euskal Herria kurrituko du. Jaialdiak, 19 mendiko etapatan, 20 musika emanaldi eskainiko ditu aurten.
Antolatzaileek adierazi dutenaren arabera mota guztietako kontzertuak antolatu dira: intimoagoak, indartsuak, herrikoiagoak eta erraldoiak ere bai. Eta horiek Euskal Herriko paraje ederrenetako batzuetan gauzatuko dira artista ezagunen eskutik. Et Incarnatus Orkestraren bultzadaz kanta askoren adaptazio berriak eskainiko dira taula gainean.
Urmugak herri izaera mantendu nahi du, eta hala, herri proiektu artistiko kolektiboa da, non natura, mendia, herritarrak eta musika batzen diren.
“Udan, egun batzuez, mendirik mendi, Euskal Herriko ez-muga hori zeharkatuz, kulturaz eta mendiaz gozatzeko modu bat da Urmuga. Esperientzia horrek, baina, berez dakar herrigintza, saretzen da euskal kultura, sortzen ditu harreman sozialak, kulturalak, politikoak… hor ba! ekimen poetiko-politiko bat sortzen da naturaren kapritxo batetik!”
Bihar, hilak 12, Gorobel mendi lerroan bilduko dira zaleak, eta han, Urduñako Aman, Txarlazo mendian, Baleen Lobak taldeak kontzertua eskainiko du 15:30ean.
Egun guztietako hitzorduak jakiteko: Urmuga