Nontzeberri

“Muga” poema-liburuaren aurkezpena, Valentzian

Valentziako Euskal Etxearen egoitzan, maiatzaren 6an, 19:00etan, Muga liburuaren aurkezpena egingo dute. Lan hori euskal poesia antologia elebidun bat da, euskaraz eta katalanez, eta bertan Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategiren poema hautuak bilduz dira. Itzulpenak Manel Rodriguez-Castelló itzultzaileak egin ditu, eta Edicions del buc argitaletxeak kaleratu du.

Antologia honetan agertzen diren poetak, Durangon 2008an eratu ziren Poesia y Pensamiento izeneko jardunaldien bultzatzaileak izan dira. Data haietan ere, lau poetok pentsamenduaren poesiaren gaineko hausnarketak biltzen zituen manifestu bat sinatu zuten. Harrezkeroztik jardunaldiok etengabean abiatu dituzte urtero, Durangon eta Donostian. Espazio horretan poeta eta pentsalari anitzek hartu dute parte, euskaldunek zein erdaldunek, izan ere, jardunaldion bokazioetako bat bi hizkuntzan arteko zubi-lanak egitea da, eta mugako lurraldea bilakatzea (hortik dator liburuaren titulua).

Antologia honetako poetek hainbat bide poetiko landu dituzte, bakoitzak bere estiloan, baina elkarren arteko konplizitate nabarmenarekin.
Felipe Juaristik kazetaritza ikasi zuen Madrilen, eta une honetan gidoilari eta kazetari gisa egiten du lan. Zazpi poesia liburu idatzi ditu, eta horien artean Galderen Geografia, Aingeruaren Angelua eta Piztutako Etxea azpimarra daitezke.
Juan Ramon Makuso Filosofia Irakaslea da Errenteriako Koldo Mitxelena BHIan. Bere lanen artean poesia liburu hauek daude: Bizitzeak hil egiten du, Hiri gorazarre, Huntza hezur berritan, eta Hitzak argi.
Pello Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua da. Horrez gain Filosofia ikasketak ere egin ditu UNEDen. Gehien argitaratu duen estiloa poesia izan da: Haraindiko begiradaren bila, Itzalaren ñabarduretan edo Anphora baita.
Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) gidoilari, zutabegile, irakasle eta itzultzaile gisa aritu da. Bere lanen artean Zaldi hustuak eta Hariaz beste poesia liburuak aipa daitezke. Azken lan horrek Kritikaren Sari Nazionala eman zion 2012an. Duela gutxi idazleak Uda Betea (Elkar) izeneko lana plazaratu du.

Lau poeta euskaldunak eta itzultzailea bera partaide izango dira aurkezpenean, eta bertan, Hugo Mas kantautoreak kontzertu txiki bat eskainiko du.

Exit mobile version