Euskadiko Filmategiko Euskal emakume zinemagileak zikloaren laugarren edizioa abiatu du 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran jaiotako zinemagileen lanak ezagutzera emateko asmoz. Guztira, hamaika film eskainiko dira udazken honetan.
Zikloaren antolatzaileek esan duten moduan, “Haien errealitatea ez da aurrekoek bizi izan zutenaren bera, eta desberdinak dira haien pertzepzioa, interesak eta begiratzeko modua ere. Zenbait ezaugarrik bereizi egiten dituzte emakumeok aurrekoetatik, baina beste askok eta askok lotu egiten dituzte guztiak. Leku propio bat aldarrikatzeak batzen ditu batzuk zein besteak, eta emakumeek funtsezko eginkizuna dute arian-arian sorturiko ekosistema horretan. Edizio hau osatzen duten fikziozko filmetan eta dokumentaletan, emakume errealizadoreek luze-zabal hitz egiten dute emakumeez, haien munduaz, beren buruaz, lankide eta adiskideez, bidea ireki zuten emakumeez eta ondoan jarraitzen dutenez ere”.
Gaur Gasteizen eta bihar Donostian izango da ikusgai Maider Oleagaren Muga deitzen da pausoa filma. Maider Oleaga, Miren Tirapu, Anton Mendizabal eta Kontzita Beitia dira bertako aktoreak.
Pieza zinematografikoan honako hau kontatzen zaigu: 2011n, Maider Donostiako Fermin Calbeton kaleko 26. zenbakiko bigarren solairura joan zen bizitzera; frankismo bete-betean, Elbira Zipitriak lehen euskal eskola klandestinoa ireki zuen pisura, hain zuzen ere. Zipitria politikaria, hizlaria, irakaslea eta euskararen defendatzaile sutsua izan zen, oso polemikoa, eta maitatua bezain gorrotatua. Merezi du bere istorioa kontatzea.
