Nontzeberri

Montoiaren mundu miresgarria diskoan

Bederatzi urte eta gero Xabier Montoiak (Gasteiz, 1955) Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts) izeneko lana argitaratu du. Izan ere, bere azken lana Ni ez naiz Xabier Montoia (Metak, 2002) izan zen. Disko horren eta lan berriaren artean Deus guti izeneko grabazioa argitaratu gabe gelditu zen. Disko hori elektronikan oinarrituriko grabazio erritmikoa izan zen, Bidehutsen markarekin kaleratu berri den honek, ordea, kutsu klasikoa du eta ez da baxuaren ezta bateriaren arrastorik entzuten.

Kantuok grabatzeko Montoiak Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Ibon Rodriguez (Eten, Le Noise) musikariak izan ditu aldamenean. Lehenengoak biolontxeloa, melodika, eta pianoa jo ditu; bigarrenak, berriz, pianoa, gitarra, eta kalinba. Ahotsak ere sartu dituzte biak ala biak.

Diskoa akustikoa baino organikoa dela esan dute iragan ostiralean Donostian eginiko aurkezpenean. Hala, kantuak biluzten saiatu dira, konponketei muzin egin gabe. “Beti kantuaren alde egin dugu, eta ez musikarien edo ekoizpenaren alde. Kantu bakoitzak ezinbestean behar zuen osagaia gorde dugu, eta gainerakoa bazterrean utzi”, esan du Montoiak Berria egunkarian irakurri ahal izan dugunez. Diskoa uztailaren amaieran eta abuztuaren hasieran grabatu zuten, Eibarren, Legarre estudioan, eta ekoizpenaz Rodriguez eta Ander Barriuso teknikaria arduratu dira. Bidehutsen webgunean kantu bat entzun daiteke.

Halaber, diskoa zuzenean entzuteko zenbait parada izango dira. Hala, hilaren 18an Beran (Nafarroa) izango dira, abenduaren 4an Eibarren (Gipuzkoa), eta 8an Ahotsenean (Durangoko Azokan). Horretaz gain, Erromara ere joango dira emanaldi bat ematera, eta 23an, Ondarroako Kafe Antzokian izango dira Rafa Ruedarekin batera.

Exit mobile version