Tokyo hiriko Mono bandak Bilboko Kafe Antzokian joko du gaur, otsailak 25, 21:00etan. Taldeak intentsitate handiko post-rock estiloko pieza instrumentalak jotzen ditu. Japoniarrek For my parents izenburuko lana berria aurkeztuko dute.
Mono 1999an sortu zen, eta egun laukote formatuan aritzen dira: Takaakira Goto Taka (gitarra); Tamaki Kunishi Bass (pianoa); Yoda (gitarra); eta, azkenik Yasunori Takada (bateria).
For my parents (Gurasoentzat) da musikarion azken lana, eta orkestrarekin grabatu dute, tartean, biolinak, tinbalak eta txeloak. New York hirian grabatua iragan apirilean, Lenny Kravitz musikariaren soinu ekoizlea den Henry Hirsch teknikariak grabatu du, Fred Weaver-ek nahastu, eta Shellac taldeko Bob Westonek masterizatu.
Taldekideen aburuz: “Gurasoei hitzekin azaldu ezin zaien hori, espero dugu kantu hauetan harrapatzea. Era berean, espero dugu disko honek haur batek gurasoei eginiko opari gisa funtzionatzea”.
Monoren musikan hainbat generoren eraginak sumatzen dira: rock esperimentala, klasikoa, shoegaze, zarata, eta minimalismoa, besteak beste. Yoda gitarra jotzaileak gidatzen du tsunami hori, oihartzun, distortsio eta delay efektuarekin jantziriko gitarra soinua dela medio. My Bloody Valentine, Beethoven edo Ennio Morricone-ren oihartzunak uztartzen dira Monoren jarioan.
Horretaz gainera, Takaakira Goto gitarra jotzailek inoiz aitortu du, Lars Von Trier zinegile daniarraren lanak ere eragin nabarmena direla, Breaking the Waves (1996) film, batez ere.
“Musika komunikatu ezin den hori komunikatzea da; post-rock bezalako termino batek guretzat ez dauka esanahi handirik, musikak generoak gainditu behar baititu esanahiez betetzeko”, Takaakira Goto.