Nontzeberri

Mobydick-ek Donostian joko du

MobyDick ezizenaren atzean Eneko Burzako musikari bizkaitarra dago. Makina bat kontzertu egin ondoren, songwriter-ak Cotard Delusion izeneko lana plazaratu zuen iaz, crowdfunding metodoa dela medio. Gaur, Donostiako Le Bukowski klubean izango da, Pelax-ekin batera, 20:00etan.

Cotard Delusion diskoak folk eta rock estiloetatik edaten duten bederatzi kantu jaso ditu, Mark Laneganen zertzeladak antzematen dira beherago jarritako bideoan, eta Madrileko Audiomatic-Drax estudioetan grabatu da Michel Martin teknikariaren ardurapean. Kantuok, gehienbat akustikoak dira, biluziak, non gitarra akustikoa eta ahotsak nagusitzen diren. Alabaina, formatu akustikoan aritu den taldeak ere pisu handia izan du grabazioan.

Musikari bizkaitarrak, gainera, hainbat kontzertu iragarri ditu: urtarrilaren 17an, Azkotiako Matadeixen, Jon Gurrutxagarekin; 23an, Bilboko Kafe Antzokian, The Great Barrier taldearekin; otsailaren 6an, Iruñeko Txintxarrin; otsailaren 20an, Oñatiko gaztetxean; eta, amaitzeko, apirilaren 16an, Duranfon Plateruenan egingo den Wombat Fest jaialdian.

Exit mobile version