Mila Musika Haria II. Gitarra Topaketak abiatuko dira gaur Bilbon. Gitarraren inguruan sortzen diren musikak entzuteko parada izango da azaroaren 17ra arte. Abando-Barrainkuako Udaltegian garatuko den programa honek Brasilgo musika tailer bat eta lau kontzertu jasoko ditu azaroan, 20:00etan, eta sarrera librea izango da.
Zikloak musika tresna horren inguruan sortzen den adierazpen guztiei erreparatu nahi dio. Lehen saioa gaur bertan izango da, eta bertan, gitarra garaikide kontzertua eskainiko du Alberto Goicoecheak.
Datorren asteko osteguneko saioa (azaroaren 10ean), musika flamenkoari eskainita egongo da, eta protagonista Miguel Angel Laguna gitarra jotzailea izango da. Hurrengo egunean, azaroaren 11n, Brasilgo musika izango da saioaren ardatz. Brasilgo musika sustraietatik eta Portugalgo musika ondaretik eta jazzetik eta flamenkotik edan duen Mucio Sa Tríoren eskutik kontzertu berezia entzuteko abagunea egongo da. Mucio Sak Brasilgo musikari buruzko tailer bat ere zuzenduko du, Marcelo Araujo bateria jotzailearekin batera, larunbatean, azaroaren 12an, 10:00etatik 14:00etara.
Zikloa azaroaren 17an itxiko da, estilo anitzetako sei gitarra jotzaile (Leonardo Alonso, Francisco Fontan, Juan Ramon Velasco, Marco Borge, Aitor Ayesa eta Carlos Carbonell) bilduko dituen Guitarras in Crescendo ikuskizunarekin.