Nontzeberri

Mila Modu taldeak “Intra” kaleratu du

Xabier Yaniz oñatiarrak abian jarritako musika-proiektu berria da Mila Modu. Xabier Yaniz  Hor Konpon taldeko abeslaria eta gitarra-jolea izan zen. Andoni Campos eta Oskar Arlanzon Hor Konponeko kide ohiek ere proiektuarekin bat egin zuten, Malenkonia taldeko abeslari Roberto Ferreirorekin batera, eta horrela Mila Modu sortu zuten 2019an.

Akustiko formatuan estreinatu ziren Boza Free izeneko lehen singlearekin. 2020an, Gaztea maketa-lehiaketan finalistak izan ondoren, Absurdoaren paradisua izenburuarekin, beraien lehen diskoa kaleratu zuten Elkar zigilupean.
Orain, beraien bigarren estudioko lana atera dute Intra izenpean. 10 kantuz osaturiko diskoa da, “non gitarrak nabarmentzen diren, taldeak hain bereak dituen melodia landuekin power pop indartsu bat sortuz”.
Intra lana gure baitan erantzunak bilatzeari buruz mintzo da, ikuspegiak zabaltzeari buruz. “Hitzen bitartez biribiltzen dute disko humanistago bat, bizi ditugun garaion eraginez, zalantzarik gabe”.

Kontzertuak ematen hasi dira eta joan den astean Oñatin izan ostean, 17an Bilbon izango dira; 25ean, Donostian; 31n, Gasteizen; eta apirilaren 7an, Iruñean.

Exit mobile version