Rekalde Aretoko Kabinete Abstraktuan Mikeldi Pérez Urkijoren (Getxo, 1983) Andamiaje izeneko erakusketa ikusi ahalko da uztailaren 6ra bitartean. Erakusketa hau, aurrekoak bezala, Barriek 2014 programaren barruan sartuta dago.
Mikeldiren esanetan “Nire domeinu teknikotik guztiz kanpo dagoen tresna bat aurkitzeko sortu zaidan beharrizana da proiektu honen abiapuntua. Une horretan su-itzalgailu bat heldu zitzaidan eskuetara. Banekien gailu hori, pinturaz beterik, trazu handiak segundo gutxitan pintatzeko erabili ahal zela, beraz hori izango zen nire tresna. Gogoz kontra bada ere, teknika berri horrek gainditu egiten nau. Oreka bat lortu behar dut, teknika hori mugatu, egitura bat bortxatuz, hori nire kontroletik urrunegi dago. Orduan, nire bidean kasualitatez aldamio bat agertu zen, bila nenbilen horixe zela ikusi nuen. Marrazki geometrikoen konbinaketa hori, aldamioaren egitura gida bezala erabilita horman bortizki zipriztinduz lortzen dudana, badabil, antza. (…) Instalazio honetan, zer piktorikoaren eta zer eskultorikoaren arteko harremana eta aurreko lanean ageri zena guztiz diferenteak dira. Objektu bereiziak dira. Jakina, haietariko bakoitzak irudi propio bat eta euskarri propio bat dauzka, baina aldamioaren eta horma-irudiaren artean harreman bat dago, ez soilik formala, baizik eta egiturazkoa eta bereizezina ere”.
Mikeldi Sopelan (Bizkaia) bizi da eta bertan egin du lan. Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) 2008an. Hainbat beka jaso du, baita arte plastikoetako sari batzuk ere, adibidez Arte Bisualen Creación Injuve Saria (2010), Bilbao Arte Fundazioaren Egoitza Saria (2010), Hirugarren Saria Ertibil-Bizkaian (2011) eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Sorkuntza Artistikorako Beka (2012-2013).
