Mikel Markez udazkenean argia ikusiko duen diskoa grabatzen hasia da. Hiri hartan izan zen izena eramango duen CDan 10 kantu argitaratuko ditu. Jean Phocasen zuzendaritzapean Elkar estudioan lehen urratsak ematen hasia da Mikel Markez.
Kantariak bere ahots eta gitarrarekin ohituta gauzkan estilotik gehiegi aldendu gabe grabatu nahi du diskoa, eta horretarako goi-mailako kolaboratzaileen laguntza izango du: Eduardo Branzano (gitarra), Pello Ramirez (txeloa eta akordeoia), Arkaitz Miner (biolina), Iñaki Salvador (pianoa), Eñaut Elorrieta (Ken Zazpi taldeko kantaria) eta Uxue Alberdi (bertsolaria). Azken biak jadanik izan dira Elkarren kantu baten ahotsak sartzen (ikusi goiko argazkia).
Badok.info webgunean jasotzen denez, Zure begiek kantu ezaguna abestu zuen bere lehen kontzertuan, Oiartzunen (Gipuzkoa). 1988. urtea zen, eta 17 urte zituen Mikel Markezek (Errenteria, Gipuzkoa, 1971). 20 urte eta 1.500 kontzertu geroago, 2008an, Zure begiek 1988-2008 bilduma atera zuen kantautoreak, eta kontzertuetan kantu hori berori kantatzen jarraitzen zuen, jendeak hala eskatuta. “Nire ibilbidearekin bat doan kantua da”.