Donostiako Okendo Kultur Etxean, abuztuaren 29ra arte, Mikel Lertxundi artistaren Natura, Harmonia, Poesia erakusketa ikusgai izango duzue.
Ez da erakusketa bakarra. Natura Harmonia Poesia izenburu bakarrarekin hiru erakusketa egingo ditu hiru formatutan bereizita. Formatu txikikoekin hasi da Ekain Arte Lanak galerian uztailaren 4ra arte. Jarraian, San Bizente eliz atarian neurri handiko lau eskultura jarri ditu, ekainaren 12tik abuztuaren 23ra arte. Eta diogun moduan, abuztuaren 29ra arte Okendo Kultur Etxean erakutsiko du formatu ertaineko bildumarik diziplina anitzekoena. Hogeitik gora artelan jarriko dira han ikusgai, horien artean eskulturak, bideo-eskultura, margolanak, marrazkiak eta argazkiak. Artistaren sormen prozesua erakusten duen bideo bat ere egongo da, bertatik bertara ezagutzeko artista honen sormen iturriak, lan prozesuak eta filosofia sortzailea.
Hiru erakusketa hauetan, “Mikel Lertxundik 50 urtetik gorako ibilbide artistiko profesionalean arteari egin dion ekarpenaren erakustaldi bikaina jasoko du ikusleak, bere sorkuntzako ildo nagusietako lan esanguratsuenetatik 50 artelan inguru hautatu baitira Donostian erakusteko”.
Lertxundiren lanetan, “harria, egurra eta burdina, edo haien irudikapenak, elkarrizketan eta elkarreraginean aritzen dira, posizioaren, ordenaren eta konposizioaren koordenatuei erantzunez, oreka lortzeko eta bertatik sortzen den bizitza eta poesia transmititzeko helburuarekin”.
Lan piktorikoak ostera, atmosfera eta espazialtasuna eta eskala eta magnitude desberdinekoak izaten dira.
