Susa literatura argitaletxeak Mikel Etxabururen Hodeiak Zapatetan poema liburuaren aurkezpen ekitaldia egin du gaur goizean Donostiako Udal Liburutegiko sotoan
Argitaletxeak adierazi digunez, “preso egon denaren gogoa kartzelara itzultzen da beti; hainbat sarriago, hurbil den epaiketa zital baten zain baldin badago. Mikel Etxabururen Hodeiak zapatetan poema liburuak maitasuna eta askatasuna ditu gai nagusiak. Hitz biluzien jaiduraz, joskera apalen zale, molde soilen bitartez kantatuko ditu Mikel Etxaburuk oroitzapenak eta desirak, aberriaren ardura eta kartzelaren samina, bakardadea eta amets egiten segitzeko grina”.
Poemak hemen dituzue irakurgai.
JADANIK
Nire eskuak jadanik euri-langarrezkoak dira
eta goroldio zurizkoak nire kostaldeak.
Paparrean eskegi nahi nituzke
iraultzetako bandera gorriak,
baina ez dut paparrik
hainbeste odolentzat.
Begietan atseden hartzen duen
hareari putz egin nahi nioke,
baina ez dut itsasorik
hainbeste deserturentzat.
Nire ametsak jadanik burdinazkoak dira
eta harlanduzkoak nire askatasunak.