Nontzeberri

Miguel Machalski gidoilariak sei proiektu zuzenduko ditu Gasteizen

Zineuskadi-Europa Creativa Desk MEDIA Euskadik fikziozko eta dokumentaletako film luzeen proiektuetarako gidoiak idaztera zuzendutako tailerra ondu du datorren hilean. Tailerrean parte hartzeko sei gidoilariren egitasmoak aukeratu dituzte.

Gidoi-idazketa tailerra uztailaren 2tik 4ra egingo da Gasteizko Montehermoso Kultur Zentroan eta gidoilari hauek izango dira partaideak: Beñat Fontaneda (La sirena), Andoni De Carlos (Groenlandia), David Pérez Señudo eta Marina Parés Pulido (Ane), Maru Solares (Aztarnak), Paul Urkijo (Las tres olas) eta Myriam Ballesteros eta Txema Ociorekin (Eguzki). Hiru dokumental eta fikziozko beste hiru lan, hain justu.

Zineuskadiren arabera, “jardunaldi horien helburua gidoilariei film-proiektu on bat aurrera eramateko garapen-prozesuaren inguruko orientazioa eskaintzea izango da”.

Miguel Machalski, bestalde, aditua da gidoi zinematografikoetan, eta ondoko esparruak lantzen ditu bere tailerretan: azterketa, aholkularitza, irakaskuntza, itzulpena eta idazketa. Adituaren aburuz, “ikus-entzunezko proiektuen aholkularitzak filmaren hasierako fasean, gidoian, egileek eta aholkulariak elkarrekin filmaren motibazioak, helburuak, sormen-prozesuak eta alderdi ugariak miatzen ditugun topaketak dira. Alde batetik, egitura, pertsonaiak, gaia, generoa eta tonua aztertuko ditugu; eta, bestetik, bideragarritasuna, hartzaileak, produkzio-kostuen arteko egokitzapena eta merkatuko potentziala, eta proiektuaren garrantzi orokorra”.

Exit mobile version