Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko I. (H)Ilbeltza beka antolatu da, eta aurtengo irabazlea zein den jakinarazi dute: Miel A. Elustondo azpeitiarra.
Elustondok aurkeztutako laginean Bill Douglass antropologo estatubatuarraren seme batek bere aitak aspaldi Euskal Herrira egindako bidaiaren ibilbidea berritzera dator. Igela argitaletxeak argitaratu dituen Jim Thompson idazlearen hiru eleberri beltz itzuli ditu Elustondok (Litxarreroak, Amorruaren ume eta Hiltzailea nire baitan).
Mikel Soto Txalapartako editore eta epaimahaikideak bekaren lehen deialdi honen balorazio positiboa egin zuen: “hamabost lan aurkeztu dira Euskal Herrian literatura beltza sustatzeko I. (H)Ilbeltza bekara eta, horregatik sikiera, egiten dugun balorazioa oso positiboa da. Hamabost lagunek erakutsi dute badutela literatura beltzarekiko zaletasuna eta proiektu banatan moldatu dute”. Sotok nabarmendu zuenez “proiektuak orotarikoak izan dira, eleberri beltz klasikoak, distopikoak, thriller historikoren bat… baina originaltasuna eta freskotasuna zeukaten askok. Horregatik, lehen deia proiektu horiek idatzi dituzten lagunei eta idatzi nahi baina idazteko betarik edo aukerarik gabe geratu direnei egin nahi diegu: idatzi, egikaritu proiektu horiek. Oraingoan ez dira irabazle izan, baina badago ezpalik aurkeztutako proiektuen artean eleberri beltz ederrak egin ahal izateko”.
Miel A. Elustondok idatzi behar duenari buruz zera esan zuen: “Zer eskribitu behar dut. Baztan, nahiko nuke. Elurre Iriarteren literaturak kontatzen duen, kontatzen ez duen Baztan. Joseba, Maitane, Garbiñeren Baztan. Ernesto Prat Urzainkiren Telleria. Telleria eta gero, zer? Telleria eta gero, Aroztegia. Eta Aroztegiarekin batera, Nafarroako Abiadura Handiko Trena, gaur ez bada bihar baituzue hemen, edo gisako makurkeria handiagoren bat. Baina hobe Iruñeko agintari makurrei ideia makurrik ez ematea, aski makurkeriari emanak baitira Iruñean, ideia makurrik ematen ibili beharrik gabe ere. Aroztegiarekin batera, mutil dantzak, guardia zibil inzibilak, kritika, ziri eta zirti-zarta. Datorrena datorrela beltza”.
2018ko (H)Ilbeltza astea urtarrilaren 15etik 21era bitartean izango da.