Nontzeberri

Mezu positiboak, baikorrak eta itxaropentsuak

Zinegoak jaialdiak badu 2021eko edizioko palmaresa. Nicol Ruiz Benavidesek zuzendutako La nave del olvido film txiletarrak irabazi du Zinegoak Sari Nagusia.

Sari gehienetan mezu positiboa, baikorra eta itxaropentsua dituzten pelikulak saritu dira, eta kasu horretan, epaimahaiak adierazi duenez, “gaitasun handiarekin aldarrikatzen du pertsona nagusiek duten maitatzeko eskubidea; oso begirada berezia lantzen duelako eta protagonistak interpretazio-indar handia duelako”.

Era berean, FIK sail ofizialaren barruan aipamen berezia eman diote Ray Yeungek zuzendutako Suk suk Hong Kong-eko filmari. Dokumentalei dagokienez, DOK sailean Alltid Amber (Always Amber) filma saritu dute, Lia Hietalak eta Hannah Reinikainenek zuzendua. DOK kategoriak ere aipamen berezia izan du Bruno Santamariaren Cosas que no hacemos filmarentzat.
KRAK sailean, nazioarteko epaimahaiak Tamar Shavgulidzeren Comets film georgiarra saritu du.

Lesbianen hainbat elkartek osatutako Lesbianismo eta Genero epaimahaiak La fabrique du consentement: regards lesbo-queer dokumentalari bere saria ematea erabaki du, eta bere aipamen berezia Deine schöne gestalt (Beautiful you) filmarentzat izan da.

Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetza eta Aniztasun Zuzendaritza Nagusiak babestutako Aniztasun eta Giza Eskubideen Saria (3000 euro) Patricia Vidal Delgadoren La leyenda negra lanak jaso du. Euskal Aktoreen Batasuneko epaimahaiari dagokionez, Lena Urzendowsky aktoreak jaso du Interpretazio Protagonista Onenaren saria, Leonie Krippendorffen Kokon filmagatik. Antzezlan onenaren saria Ekaterine Kalatozishvilirentzat izan da, Tamar Shavgulidzeren Comets lanagatik.

Eta film laburrei dagokienez, saria Pati Cruz zuzendariaren La amante komediarentzat izan da.

Jaialdia amaitu da, baina orain ZG Hedapena hasiko da, eta Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotara joango dira film asko.

Sariak eta programazio osoa www.zinegoak.com webgunean kontsulta daiteke.

Exit mobile version