Otsailaren 22tik 29ra bitarte egingo da Bilboko Zinegoak Gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 13. edizioa, eta antolatzaileek iragarri dutenez, aurten Mexikoko transexualitateak sail propioa izango du.
Guztira fikziozko dozena bat film luze eta zazpi dokumental aurkeztuko dira Trans Mex atalean. Festibaleko programazio buru Roberto Castónen esanetan, “mexikar queer zine berriaren azpigenero ere dei diezaiokegunaren azken ekoizpenak dira, askotarikoak”.
Film horietatik bi aipatzearren, Rigoberto Perezcanoren Carmin Tropical luzea eta Made in Bangkok dokumentala. Lehenengoaren protagonista muxe bat da, “zapoteken kulturan kolonaurreko garaitik existitzen den figura da eta emakume transgeneroei izena ematen die ofizialki”. Made in Bangkok dokumentalak, berriz, Morgana mezzo-soprano mexikarraren istorioa biltzen du: “sexua berriz egokitzeko ebakuntza lortu nahian, Tailandiako edertasun lehiaketa bat irabaztea ikusten du aukera bakarra”.
Horrekin batera, jaialdiaren inaugurazio eta itxiera ekitaldietan pantailaratuko diren filmak zeintzuk izango diren ere iragarri dituzte: Closer Monster (Stephen Dunn, Kanada) eta El virus de la por (Ventura Pons, Katalunia).