Nontzeberri

Mery May & The Muppets taldeak Elgoibarren joko du

Elgoibarko Sinuöse elkarteak Mery May & The Muppets arrasatearren kontzertua ondu du, maiatzaren 30ean, Elgoibarko Kultur Etxeko Sotoan, 23:00etan. Taldeak bigarren diskoa aurkeztuko du soto horretan.

Mery May musikariaren atzean Maria Fagan Sagasta (Arrasate, 1989) musikaria dago. Elgoibarko kontzertuan, Rue Matignon izenburuko bigarren laneko kantuak joko ditu; aurretik, 2009an, Dreams diskoa plazaratu zuen. Gipuzkoarrak gitarra doinu akustikoekin jositako pop eta folk kantu biluziak abesten ditu, bakarka eta ingelesez. Ostiraleko kontzertuan, baina, ez da bakarrik arituko, Aitor Etxaguibel (Foxy Boxxi) eta Mikel Azkargorta (Mahaster river) musikarien laguntza izango baitu.

Antolatzaileen arabera, “Sinuöse kolektibo elgoibartarrak urte dexente daramatza artista, ekintza eta proposamen desberdinak herrira hurbiltzen. Urtean behin Sotoko Hotsak izeneko ekitaldia antolatzeaz gain hilean behin kontzertu berezi bat antolatzen dute Elgoibarko kultur etxearen sotoan”.

Exit mobile version