Nontzeberri

Mercedes Sosa kantariari buruzko dokumentala, Elorrion

Gaur, Elorrioko Iturri Kultur Etxeak antolatzen duen Hilean behin zikloan, Mercedes Sosa: Latinoamerikako ahotsa izeneko dokumentala pantailaratuko da bertako Iturri Kultur Etxean. Saioa 19.30ean hasiko da.

2009an hil zen Mercedes Sosa abeslaria, eta bere galerarekin injustiziaren kontrako ahotsa ere galdu zen. Manifiesto del Nuevo Cancionero-ko kidea izateagatik heriotza-mehatxuak jaso zituen, eta 80ko hamarkadan militarren erregimenak erbesteratu egin zuen, eta bere herritik desterraturik bizi izan zen. Halarik ere, bere ahotsa eta kantatzeko zuen era ez da urteen poderioz desagertu eta isildu. Ahots sakoneko emakume indartsua baitzen Mercedes Sosa. Latinoamerikari soinua jarri ziona, Todo cambia izeneko abestia da horren adibidea.

Rodrigo H. Vila zuzendari argentinarrak egin du gaur berton aurkezten den dokumental saritua. Bertan, Sosari egindako elkarrizketak, agerraldiak eta pertsonalagoak diren oroimenak ikusgai jartzen dira. Abeslari argentinarrari buruzko filma  jatorrizko bertsioan eskainiko da gaztelaniazko azpitituluekin, izan ere, hizketaldiak ingelesez, gaztelaniaz, italieraz, frantsesez eta portugaleraz agertzen baitira.

Exit mobile version