Nontzeberri

MendiTour zinemaldia Bizkaitik Gipuzkoara

Mendi Film Festival mendiko zinema jaialdirik inportanteena da eta aurten egoitza estreinatuko du Bilbon, bosgarren edizioa egiteko. Jaialdia abenduaren 14tik 23ra bitartean egingo da, eta lehian jardungo duten filmekin batera, aldi bereko jarduera desberdinak eskainiko ditu publiko guztientzat.

Mendi Film Festival Kultur Elkarteak antolatzen duen zinemaldi honek hiru egoitza izango ditu Bilbon (BBK Aretoa, AlhóndigaBilbao eta Euskalduna Jauregia), eta Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta BBK-Kutxabanken babespean egingo da.

Abendura bitartean baina, MendiTour izeneko emankizuna zabaldu da Euskal Herriko hainbat herritan, joan den urteko zinemaldiaren film ederrenak zaleei helarazteko xedez.

Gaur berton Donostiako Antzoki Zaharran, film hauek ikusteko abagunea izango duzue: Arditan (Egoi Markaida, 2011). Filmak Gorbeiako magalean bizi den artzain baten eta bere familiaren eguneroko bizitza islatzen du. Oso ederra da lan hau.

Geroxeago, Línea continua (Hervé Barmasse, Giacomo Berthet, Damiano Levati, 2010) filma pantailaratuko da. 2010eko martxoaren 17an, aita-semeen bi belaunaldik kordada bat osatu zuten Matterhorn mendian bide berria zabaltzeko.

Cold (Anson Fogel, 2011) film famatua ere ikusi ahalko da. Gasherbum II-ra Cory Richardsek Simone Moro-rekin eta Denis Urubko-rekin izandako lehenbiziko neguko esperientzia jasotzen du lan honek. Hotza da nagusi.



Eta azkenik, Ueli Steck protagonizatzen duen Swiss Machine (Peter Mortimer, Nick Rosen, 2010) lan ikusgarria izango duzue. Film honetan, Alpeetan lortu dituen igoera-errekordei buruzko azalpenak ematen ditu. Gaur egungo alpinistarik indartsuenaren ekinaldi itzelak.

Exit mobile version