Nontzeberri

Mendi Tour ekimenak Tolosa bisitatuko du egunotan

Martxoaren 9tik 11ra Mendi Tour ekimenak Tolosa bisitatuko du, eta Leidor zinemetan mendiari buruzko zinemagintzarik ikusgarriena eskainiko da, eta joan den urteko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian nabarmendutako 10 pelikula pantailaratuko dira. Saioak 19:30ean hasiko dira.

Betiko legez denetarik izango da: eskalada, izotza, alpinismoa, abentura, eskia eta hori guztia munduko parajerik ikusgarrienetan.

Egun hauetan bertan ikusiko diren titulu batzuk nabarmenduko ditugu, bertakoak direlako: Un día al año Alfonso Garciak egin du eta bertan Atxarten urtean behin ospatzen diren Inauteriak agertzen dira. 1975ean lehen aldiz egin zuten inauteri berezi hori oraindik ere ospatzen dute 50 urteren buruan. “Eskalatzaile komunitate baten istorioa da. Tradizio horri eutsiz bizitzaz eta lagunarteaz gozatzeko dei moduko bat da pelikula, azken batean horrelako tradizioek batu egiten gaituztelako. Aldi berean, ordea, galdu ere egin daitezke. Horregatik, inauteriaren tradizio honi eusteko aldarri bat ere bada: saia gaitezen, belaunaldiz belaunaldi, garrari bizirik eusten”, dio zuzendariak.

Jon Herranz zuzendariak eskalada krokisen munduari buruzko Harri, Orri, Arkatz filma egin du. Expocroquis proiektuan oinarri hartuta, Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorzak abiatu zuten proiektua.
Txindokiraino ere joango gara Nagore Eceiza zuzendariaren Izarren zaunka lanarekin. Iker Uranga eta Mikel Saez de Urabain dira protagonistak.
Eta slackline gustatzen bazaizue Jon Mendizabalek zuzendutako Tximista film laburra izango duzue ikusgai.

Jakingarri guztiak hemen.

Exit mobile version