Urnietako Saroben, gaur, irailaren 22an, Mendi Film nazioarteko jaialdiko film onenen Mendi Tour udazkeneko zirkuitu ibiltaria abiatuko da.
Mendi Tourraren denboraldi honekin bere 9. edizioa hasiko da eta azarora arte beste dozena bat geltoki izango ditu.
Sarobe Arte Eszenikoen Gunean, mendiko zinemagintzako pelikula puntakoak eskainiko dira, iazko abenduan BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian nabarmendutako 3 pelikula dokumental. Alpinismoa, eskia, trail running eta eskalada oinarri dituzten pelikulak dira, jomuga ikusgarriak dituztenak: Karakorumgo Trango Handia, Boliviako Huayna Potosí, Illimani eta Sahama seimilakoak, eta Txindokiko ertza.
EiTB Euskarazko Film Onena Izarren zaunka izenekoa izan zen. Nagore Eceiza zuzendari donostiarraren lana da eta bertan honako hau kontatzen da: Bi lagun Larraitzen daude, Mikel Saez de Urabainek Txindoki mendian liberatu berri duen bide bat eskalatzeko asmoz. Mikelek berak, bide berria izendatzeko inspirazioa aurkitu nahi du tokiko bake eta lasaitasunean. Iker Urangak, berriz, bere min kronikoetatik eta antsietatetik askatzea lortu nahi du.
