Gaur, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, Hibridismo dialektala XXI. Mendean izenburupean abiatuko dira Mendebalde Kultura Alkartearen XVIII. Jardunaldiak.
Arratsaldeko 17:00etan izango da ekitaldi honen hasiera, eta bertan beharrezkoak diren aurkezpenen ostean, Kepa Altonagak Hibridismo dialektala: gogoetarako ideia bi izeneko mintzaldia egingo du. “Gero eta lausotuago agertzen da dialektoen izaera eta errealitatea, eta, bestetik, dialektoak motzegiak dira bizitza modernoaren alor guztietarako. Horiek horrela, proposamendua da euskara aberastu bat, etorki anitzetako ekaiez osotua, euskara batuaren orubean eta haren planoekin eraikia”.
Geroago, 19:00etan, Leire Gandarias, Ariane Ensunza, Lorea Unamuno eta Iñaki Gaminde adituek Aldaketa linguistikoez eta euron bilakaeraz gaia jorratuko dute.
Jardunaldiok barikuan, urriak 17, izango dute segida, eta hala, Iñaki Esparzak Azkue eta Unamuno bide bi izeneko hitzaldia egingo du, 17:00etan. Resurreccion Maria Azkueren eta Migel Unamunoren familiak, jatorriz, ogibidez eta ideologiaz oso ezberdinak ziren. Ezberdintasun hauek eramango dituzte bi euskaldun ospetsuak gero eta gehiago urrunduko dituzten bideetatik euskal munduan eta euskal literaturan zehar.
Azkenik, bigarren eguneko egitaraua ixteko Andolin Eguzkitza idazle eta linguista omenduko dute. Iñaki Sarriugartek egingo du gorazarrea.