Aurreko egunetan iragarri genuenez, gaur, ekainak 29, Betunizer valentziarrek, Viva Bazooka gasteiztarrek eta Meido bilbotarrek joko dute Deustuko Gazte Lokalean. Bizkaitarrek, hain zuzen ere, Double dragon izenburuko hirugarren grabazioa argitaratu berri dute. Aurretik, Cu-Kuprea (2007) eta Munduko kamioirik handiena (2010) kaleratu zituzten. Hirukoteak rock burrunbatsua jotzen du.
Diskoa hiru egunetan eta zuzenean grabatu dute Koba estudioetan, eta Radix Records, Nooirax Producciones eta Odio Sonoro diskoetxeek argitaratu dute elkarlanean LP eta CD formatuetan. Diskoak post-hardcore edo noise-rock estiloko zazpi doinu sendo biltzen ditu, erritmo aldaketa askorekin, eta melodiak baztertu barik. Dena dela, 70eko hamarkadako gitarra erritmoak ere antzeman ditugu kantuotan. Unsane, Melvins edo Jesus Lizard taldeen jariotik gertu dago bizkaitarren soinua.
Meido Iñaki, Mario eta Bittorrek (Ximel, Objects in mirror eta Sequoia taldeetan aritutakoak; egun Atarian eta Barents-en jotzen dute) osatzen dute. Euskaraz abesten dute eta haien hitzetan diskoa bideojoko zaharkitu eta bortitz baten espiral loga-erritmikoa da.
Meidoren disko guztiak taldearen bandcamp webgunean entzun daitezke.