Pop-rock independentea ardatz duen MAZ Basauri jaialdiaren bigarren edizioa egingo dute maiatzean Basauriko Social Antzokian. Estatuko eta Euskal Herriko hainbat musikarik joko dute, eta nobedade gisa, aurten, doako hiru kontzertu izango dira, bai eta dokumental musikalen zine zikloa ere.
Jaialdian parte hartuko duten taldeei dagokionez, Espainiako indie kutsuko musikariak dira nagusi, euskal ordezkaritza ere handia den arren. Hala,maiatzaren 3an, We Are Standard bizkaitarrak eta Mendetz bartzelonarrak arituko dira. Lehenengoen Day izenburudun diskoa aurkeztuko dute, eta bigarrenez, berriz, Silly Simphonies. Bi taldeek soinu dantzagarriak zabalduko dituzte.
Maiatzaren 10ean, songwriter-en txanda izango da. Egun horretako izen handia Cristina Rosenvinge madrildarra izango da, zeinak bere ibilbide guztiko kantuak joko dituen. MobyDick bizkaitarrak, berriz, Cotard Delusion estreinako lana aurkeztuko du.
Maiatzaren 17an, giro elektronikoak entzungo dira egoitza Bartzelonan duen CatPeople bartzelonarren eta aspalditik Madrilen bizi den Najwa euskal aktore ezagunaren eskutik. Najwak Donde rugen los volcanes lana aurkeztuko du.
Egitarauko azken kontzertuan, Ivan Ferreirok eta Garik joko dute. Ferreiro galiziarrak Confesiones de un artista de mierda diskoan jasotako kantuak joko ditu, eta Hertzainak taldeko abeslari ohiak EzDaAmaiera lan berriarekin etorriko da.
Kalean egingo diren doako kontzertuei dagokienez, maiatzaren 4an ikus-entzule txikientzako kontzertua izango da: Txiki Maz; 11n, Sr. Chinarro musikari andaluziar ospetsua formatu akustikoan arituko da; eta amaitzeko, 18an, The Sunday Drivers taldeko Jero Romerok joko du hirukote formatuan.
Programa oparo honekin amaitzeko, gogoratu dokumental musikalen inguruko zine zikloa ere izango dela: Searching for Sugar Man, Nadie sabe nada de gatos persas, I’m not there, When you’are strange eta Joe Strummer. Vida y muerte de un cantante filmak ikusi ahalko dira. Emanaldion datak zehazteke daude.
Dena dela, jaialdiarekin loturiko xehetasun guztiak mazbasauri.com webgunean daude bilduta.