Otsailean hasi eta apirila bitartean, hainbat antzerki saio programatu dituzte Arrigorriaga herrian.
Martxoaren 6an, Hamaika teatrok A Destiempo lana egingo du Bizkaiko herri horretan. Antzerki funtzioa hastekotan da, baina zerbait ez dabil: protagonista falta da, ikusle mordoa, berandu dabil, erlojuak huts egiten ari dira… Hala ere, nahasiaren erdian, beste zati batzuk lotzen doaz. Batek daki, garaiz heltzea ez da beti onena, batzuetan desorduetan egitea hobe izan liteke.
Martxoaren 14an, Las Torpedolevel taldekoek Las chicas serias no gustan izeneko obra antzeztuko dute; emakumeen gustuei buruzko gida bat. Gizonezkoen betiko gaiei eta umoreari, gai serioei, sexuari buruz ere hitz egiten da, hots, bizitza berari buruz.
Martxoaren 21ean, Artedramak Hamlet egingo du. Hamlet XXI. mendean eta Euskal Herrian, gaur eta hemen. Hamlet antzerkien antzerkia da. Antzezlan honetan Shakespearek mundu eroa jaso zuen eta mundu horretan politika gezurretako, kalkuluetako, konplotetako, tranpetako, anbizioetako eta traizioetako alorra da. Baina norberak bere erabakiak hartu behar ditu, eta hauek ez dira errazak erreinu bidegabean… hor da auzia.
Martxoaren 23an, A-Teatral antzerki taldeak Sutondoan oholtzaratuko du. Gaua heltzerakoan amama ipuinak kontatzen hasiko da. Eta orduan, ipuin horien pertsonaiak itzaletan agertuko dira: Amalurra, jentilak, sorginak, galtzagorriak, marinelak… Itzal, kolore, txotxongilo eta musika elkartzen dituen Euskal mitologiari buruzko antzerki ikuskizuna.
Apirilaren 4an, Kabia teatro Itzala eramango du herri horretara. Antzezlan hau Joseba Sarrionaindiaren ipuin batean oinarrituta dago. Nor, gure pertsonaia, kaleko edozein pertsona izan daiteke. Bere emaztearengandik bananduta bizi da, bakarrik, etxe xume batean. Gaixorik, ilusiorik gabe, argi dauka bere bizitzan ez duela ezer inportanterik egin. Heriotzak bisita egingo dio.