Martxel Mariskal (Hondarribia, 1964) poetak Azken zakatzak (Susa) izenburuko lana aurkeztuko du ostegunean, Donostiako Udal Liburutegiko sotoan, 11:00etatik aurrera. Hondarribiarraren estreinako poesia liburua da. Ezaguna da oso, besteak beste, Lisabö rock taldearen hitzak idatzi dituelako. Horretaz gainera, 2002an, Me llamo Ezequiel y así será siempre izenburuko eleberria argitaratu zuen Hiru argitaletxearekin.
Susa argitaratzailearen arabera, “Beti Mugan, Lisabö eta beste musika talde batzuentzat idatzitako kantuetatik ezagutzen genuen Martxel Mariskalen ahotsa. Liburu honen konposizio barrenkorrak zabaldu egin du bere indar espresiboaren sakontasuna, arnas luzekoa eta oparoa, lanketa gaitz baten emaitza trinkoa”.
Itsasoa, oinazea eta denbora dira olerkiotan sarritan agertzen diren elementuak. Horretaz gainera, egitura aldetik oso libreak dira; batzuetan, kontakizun itxura ere hartzen dute. “Bizi baldintza zailen aurreko ahaleginak eta nekeak, edertasunaren aurreko atsegina eta ikara”.
Liburuaren azala Ramon M. Zabalegik egin du, hori ere musikari oso lotutakoa, makina bat disko azal eta kontzertu poster egin baititu, besteak beste: Kenzazpi, Txinaurriak bilduma, Willis Drummond… Nontzeberriren bisualak atalean bere lana ikus dezakezue.
Azken zakatzak liburua osorik hemen irakur dezakezue online.