Asteburu honetan, abenduaren 19tik 21era arte, Monterhermoso Kulturunean Mazokaren 2025eko edizioa egingo da. Aurten, Marrazki eta Ilustrazio Azokak 10 urte bete ditu, eta edizioko leloa Sormena: txinpartak giza faktorea izaten jarraitzen du izango da. Azoka abenduaren 19an, ostiralean, inauguratuko da, 18:00etan, Ur Biltegian, eta bertso- eta txalaparta-emanaldiak eta jada ohiko bihurtu den irrintzi saioa izango dira.
Mazokak Gasteizko herritarrengana hurbiltzen du artea, eta arlo horretako artistentzako erakusleihoa eta tranpolina ere bada.
Bertako antolatzaileek adierazi duten moduan, “azoka hau marrazkiaren festa da. Hiru egunez ilustrazioko produktuak eskaintzeaz gain, kultura eskaintzen du erakusketaren, bertsoen, itzalen antzerkiko ikuskizunen eta abarren bidez. Gainera, kulturaren jai handia ere bada. Mazoka talentua, irudimena, originaltasuna eta pertsona sortzaileen ahalegina babesten dituen jaialdia izango da berriz ere. Azokako standetan arreta ematen ariko diren mazokalariak, askotariko estilo eta teknikak erakutsiko dituzte”.
Antolatu diren ekimenen artean, bidean da Arabako Ilustrazioa: mazokalariak 2015-2025 erakusketa, Vital Fundazioaren Kordoi Etxean, eta bertan, azokan parte hartu duten 60 arabar baino gehiagoren lana egongo da ikusgai.
Arabako Ilustrazio erakusketaz gain, Mazokako asteburuan, Montehermoson bertan, kartelen beste bi erakusketa ere ikusgai izango dira: horietako lehena Stop IA Gen da, Komiki Egileen Kolektiboarena. Komiki-egileren 90 kartel izango dira ikusgai, besteak beste, Cristina Durán edo Ana Penyas sari nazionalak eskuratu zituztenenak. Bigarren erakusketak profesionalek ilustratutako kartelen balioa azpimarratuko du eta Mazokaren eta bertako egileek egindako kartelen 10 urteko ibilbidea eskainiko du.
Mazoka, batez ere, azoka bat da, eta ehungintza, papergintza, zeramika, egurra, 3D, brodatua, lanparak, jostailuak, tatooak, serigrafia edo linografia mugatuko serieak, eta abar izango dira ikusgai.
Aurten, Mazokalariak Andaluzia, Aragoi, Valentzia, Murtzia, Gaztela-Leon, Bartzelona, Madril, Murtzia, Asturias eta Galiziatik iritsiko dira. Italia, Dominikar Errepublika eta Venezuelatik ere iritsiko da. Euskal Herrikoak ere ez dira faltako.
