Hondarribiko rock bandak Bidaide izenburuko bigarren diskoa argitaratu du. Diskoa autoekoizpena da, eta Psilocybenean grabatu dute, Mikel Iturriarekin eta Iker Alzaga teknikarien laguntzaz.
Diskoak hard rocketik eta punk-rocketik edaten duten zortzi doinu biltzen ditu, melodiei bizkarra eman gabe. “Rockmarpop” terminoa erabiltzen dute haien proposamena definitzeko.
Kantuon artean Beti Mugan taldearen Gu gera jendea abestiaren moldaketa dago, bai eta Cougar Mellencamp-en bertsio bat, Martxel Mariskalen hitzekin jantzia, -zuzenekoetan ere hainbat bertsio egiten dituzte, tartean, Beti Mugan, Itoiz, Neil Young edo Deabruak Teilatuetan taldeenak-.
Diskoaren tirada oso txikia egin dute hondarribiarrek; CDen kutxak taldekideek egin dituzte.
Taldea 2015ean eratu zen eta hauexek dira taldekideak: Rubén Yerga Mufloi, baxua; Ibai Larralde Hendhrix, gitarra; Gorka Emazabel Katxarros, bateria, eta Koldo Emery Mkarel, gitarra eta ahotsa.
Orain arte kontzertu gutxi egin dituzte, baina bigarren lan berri hori baliatuz, oholtzara sarriago igotzeko asmoa erakutsi dute.
