Bihar, ekainaren 18an, eta Musikaren Egunaren harira, hainbat kontzertu egingo dira Donostiako Loiola kalean eta FNAC dendan, tartean, Ramones taldeko Marky (Marc Steven Bell) bateria-jotzailea Biltzkrieg taldearekin.
Ekimena FNAC saltokiak ondu du, eta estatubatuarrez gainera, hauexek joko dute Loiola kalean: Sky Beats, Eraul, Howdy, Baobabs Will Destroy Your Planet, Pablo Blix, Autumn, Nothing Box eta Iñigo Serrulla.
Kontzertuak 11:00etan hasiko dira. Ordu horretan, hain justu, Baobabs Will Destroy Your Planet taldeak joko du. Banda hori duela bi urte jaio zen Iruñean, eta sari batekin jarraitu zuten kideek: Bilboko Kafe Antzokiak Gaztea-ko Maketa Lehiaketaren sari berezia. Joan den urtean EPa grabatu zuten, eta aurten beren lehen diskoa grabatu dute Londreseko Abbey Road estudioetan, Iñaki Llanerarekin.
Marky Ramonek, berriz, programazioa itxiko du, 20:00etan. Markyk 2010ean eratu zuen Marky Ramone’s Biltzkrieg egitasmoa, Andrew W.K. eta Michale Graves musikarien laguntzarekin, besteak beste. Taldeak 70eko hamarkadako punk-rocketik edaten du.