Nontzeberri

Markos Untzetak bosgarren diskoa argitaratu du

Markos Untzeta musikari eibartarrak hogei urteko ibilbidea burutu du, eta horrekin batera, estudioko bosgarren lana argitaratu berri du, Eguzki gorri bat (Gaztelupeko Hotsak). Diskoak hamaika doinu biltzen ditu, eta Esku Hutsik izeneko bandarekin grabatu du: Giovanni Zanon (gitarra), Anjel Ituarte (baxua) eta Iñaki Belaustegi (bateria). Diskoak hainbat estilo biltzen ditu; tartean, rock, blues, folk eta country.

Gaztelupeko hotsak diskoetxearen arabera, “Untzetaren biografia musikalean ohikoak diren estiloak eta eraginak biltzen ditu Eguzki gorri batek: rock amerikarra, bluesa, folka, countrya… Entzule finak Tom Petty, Neil Young edota Lucinda Williamsen oihartzunak antzemango ditu melodia eta atmosfera ederrez beteriko kantu hauetan, baina aldi berean jabetuko da influentzia horiek guztiak bere nortasunaren galbahetik pasatzeko Untzetak beste behin erakusten duen trebezia eta heldutasunaz”. Diskoa Tio Pete estudioetan grabatu du, Unai Mimena teknikariaren gidaritzapean.

Lan berri honetaz gainera, Unzetak lau disko argitaratu ditu Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin: Gaua basamortuan (2002), Zenbat euri (2006), Mississippi (2011) eta Seinaleak (2014). Guztiak eragin klasikoekin onduak, Untzeta ondoko musikarion jarraitzailea baita: Bob Dylan, Bruce Springsteen, Tom Waits, Van Morrison edo Woody Guthrie, besteak beste.

Exit mobile version