Bizkaiko herri horretan, mota askotako proposamenak bildu dira urte berri honetarako programazioan, dantzatik hasi eta antzertiraino, musika, zinea eta umeentzako eta familientzako ikuskizunak ahaztu gabe.
Egitarau handi honen barruan estreinaldiak ere egongo dira. Hala, Amorebieta-Etxanoko Zornotza Aretoan estreinatuko da Markeliñeren lan berria: Makinista. Konpainia horrek, halaber, Anomalía Magnética kaleko ikuskizuna moldatu dute areto barruan aurkezteko xedez. Jatorrizko ideiari eusten dio ikuskizunak, baina gure gizartearen ikuspegi zabalagoa eta kritikoagoa aurkeztuko dute oraingoan Makinista izeneko lanean. Urtarrilaren 18an, ostiralarekin, aurkeztuko da lana, gaueko 21:00etan.
Beste aldetik, otsailaren 22an, El juicio de Dayton lan ospetsu eta arrakastatsua eskainiko du Gaztelako Azar Teatro antzerti konpainiak. Hil horretan ere, Borobil Teatroak, berriz, Ali Baba eta 40 lapurrak eskainiko du.
Martxoan, halaber, Más pequeños que el Guggenheim lan barregarri eta hunkigarria, Mexikoko 2008ko Dramaturgia Sari Nazionala irabazi zuena, helduko da Zornotza Aretora Euskadin egingo duen bira luzearen barruan. Eta Babia lana GANSO&Cía taldearekin.
Apirilean, Bikoteatro taldearen Lingua Nabajorum. Euskararen historia txoroa antzezlanarekin gozatu ahalko da. Krego-Martin taldeak ere Spaceko zarama eramango du. Eta apirilaren 27an, Zugan Ni, Markeliñek antolatutako Eskola Antzertiaren VI. Lehiaketa egingo da.
Antzertiaz familian gozatzeko parada ere eskainiko dute Glu-Glu konpainiakoek maiatzean, Ahatetxo itsusia lanarekin.
Dantzaren espezialitatearen barruan, Aukera dantza konpainia famatuak Burnia ikuskizuna aurkeztuko du.
Eta musika ere ez da faltako, Zelaieta zentroko kontzertu gelan formatu txikiko hiru ekitaldi programatu baitira. Lehendabizikoa da Iñaki Salvadorrek (pianoa) eta Ainara Ortegak (ahotsa) eskainiko dutena.
2012an abian jarritako esperientzia sendotze aldera, Kine Kluba izeneko taldeak diseinatu eta koordinatuko ditu hurrengo hileetarako programatu diren zine ziklo tematikoak.
Ikusten denez, denetarik.
