Nontzeberri

Marie de Jongh konpainiak bi antzezlan eskainiko ditu Arriaga Antzokian

Marie de Jongh konpainiak bi antzezlan eskainiko ditu Arriaga Antzokian aste honetan: Amour eta Kimu. Jokin Oregi izan da bi lanen egilea eta zuzendaria.

Lehenengoa, Amour, hamar urtez biran egon den harribitxi bat da eta urtarrilaren 29an egingo da, 19:30ean. Bigarrena, Kimu, konpainiaren produkzio berria da. Estreinaldia euskaraz izango da, hilaren 31n, larunbatean, 19:00etan, eta hurrengo egunean, otsailaren 1ean, igandean, gaztelaniazko bertsioaren txanda izango da.

Bilboko Marie de Jongh konpainiaren Amour 2015eko abenduan estreinatu zen Arriaga Antzokian. Ordutik, bira oso luzea egin du hainbat herrialdetan. Pieza hori ez da umeentzako pieza, edo bai, konpainiak dioen moduan: “Helduei zuzendutako haurren antzerkia, eta haurrei zuzendutako helduen antzerkia”. Lanak “ezberdinen artean topo egiteko eta aurreiritziak alde batera uzteko gonbita egiten du. Elkar maitatzearen eta elkarrekin haserretzeari buruz hitz egiten du eta, denboraren joanak bi sentimendu horietan duen eraginaz. Ikuskizuna bereziki bisuala eta poetikoa da. Hitzik gabe kontatzen denez, mezua unibertsal bilakatzen da, eta emozioetara iristen da”.

Kimu irudimenari buruzko ikuskizun bat da, karga bisual handikoa eta errealismo magikoaren kutsua duena. “O andreak multinazional batentzat lan egiten du bulego batean. Orain, erabaki du natura bere lan-eremuan eta gorputzean inolako aurkakotasunik gabe bizitzea, eta guztiz aldatuko da, naturak izaera berri bat sortzeraino: giza izaera berri bat. Ideia berri bat. …Posible al da naturarekin bestelako harreman bat izatea? Posible al da beste giza izaera bat? Galdera horiek sumatuko ditugu emanaldi osoan zehar.”

Kimu proiektuaren zuzendaritza plastikoaz Alejandro Andújar, Javier Tirado eta Rosa Solé arduratu dira.

Exit mobile version